Aretxabaletako EAJren udal taldeak EH Bilduk osatutako Udal Gobernuari eskatu dio Kurtzebarri BHI institutu berria egiteko beharrezkoak diren izapideak azkartzea, lurren birkalifikazioan arreta jarrita: "Oraindik konpondu gabeko funtsezko urratsa delako".
"Jeltzaleak pozik" daude aurreko agintaldian EAJk hasiera emandako proiektuak oraingo honetan jarraipena izango duelako: "Lurrak erosita eta urbanizazio proiektua idatzita daudelako". Baina gaineratu dute urrats horiek ez direla nahikoak proiektuaren garapena bermatzeko.
Gogorarazi dute "funtsezko bi alderdi" bete behar zirela aurrera egiteko: "Lurzorua erostea eta erabilera industrialaren kalifikazioa, ekipamendu publiko bihurtzea". Eta salatu dute agintaldiaren hiru urte ondoren, "azken izapide horrek egiteke" jarraitzen duela: "Ez da nahikoa aurrerapenak iragartzea, beharrezko urratsak betetzen ez badira", eta azpimarratu du lurren birkalifikazioak dagoeneko konponduta egon beharko lukeela. Horregatik, Udal Gobernuari eskatu dio hirigintza-prozedura hori lehenesteko eta lehenbailehen onartzeko: "Ezinbestekoa da izapide hori azkartzea, proiektuak segurtasunez eta epe egokietan aurrera egiten duela bermatzeko".
Gogorarazi dute proiektu hori "aurreko agintaldian bultzatu" zela eta institutu berria herritar guztien beharra dela: "Lehentasunezkoa da Aretxabaletarentzat, eta halakotzat tratatu behar da. Iragarkietatik ekintzetara pasatzeko eta oraindik egiteke dauden urratsak betetzeko unea da".