UDA Aretxabaletak 2-1 menderatu du Lagun Onak

Goiatz Arana Begiristain 2026ko apirilaren 12a

Pozik azaldu da aretxabaletarren entrenatzaile Unai Calzon, garaipenarengatik eta egindako partiduarengatik: "Eurek oso ondo jokatzen dute baloiarekin, eta guri ere gustatzen zaigu pilotarekin jokoa azpitik egitea. Halakoxea izan da partidua, polita".

Intentsitate handiko partidua jokatu zen atzo arratsaldean, Ibarran. Talde biek izan zituzten aukerak lehen zatian, baina ez zen golik iritsi, eta hutsean berdinduta joan ziren atsedenaldira. 

Bestela gertatu zen osteko zatian: hasi eta gutxira gola egin zuten aurkariek, area kanpoko jaurtiketa batean. Desordena eragin zuen horrek etxeko taldean 10 bat minutuko tartean, baina atzera ere euren lana egiten hasi, eta etorri zen berdinketaren gola: Ander Fernandez Pachecok egin zuen, Aimar Madinak eskuin aldetik egindako erdiraketa baten ondotik. Gora etorri zen UDA Aretxabaleta horrekin, baina, ezusteko jokaldi batean Josu Aizpurua kanporatu eta gero, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen etxeko taldea. Defentsan jarri zituzten indarrak une horretatik aurrera, eta, kontraerasoan lana bikain eginez, sortu zuten arriskua. Penalti bat egin zieten orduan –bigarrena, partiduko lehen bost minutuetan egin zieten beste bat– eta berriz ere gola egin zuen Fernandez Pachecok. Hala, 2-1 emaitzarekin, bukatu zuten norgehiagoka.

Etxean indartsu

Laugarren postuan dago Lagun Onak, 52 punturekin. Ez zen aurkari erraza, baina Unai Calzonen taldea oso indartsua da etxean: "Puntu asko lortu ditugu etxean aurrean dabiltzan taldeen kontra; ez dugu partidurik galdu".

Atzoko garaipenarekin 42 puntu ditu UDA Aretxabaletak eta 10. postuan jarraitzen du sailkapenean; zortzi talde ditu atzetik. 

Hurrengoa, eguaztenean

Lau jardunaldi geratzen zaizkie denboraldiari amaiera emateko. Hurrengo partidua aste barruan jokatuko dute, Pasaiaren kontra, Jesus Mari Zamora futbol zelaian. Eguaztenean izango da, hilak 15, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak