Nasrdinek berak sustatu du proiektua, lagun talde batekin batera, kirol modalitate hori herrian sustatzeko eta praktikatu gura duen orori aukera emateko asmoz: "Zonaldeko beste talde batean jokatzetik gatoz. Iazko denboraldia amaituta, talde barik geratu ginen, eta, Aretxabaletan areto futbol talderik ez zegoela ikusirik, pausoa ematea erabaki genuen. Proiektu serioa eta ondo hausnartutakoa da". Ikuspegi hezitzailea eta inklusiboa dituela erantsi du: "Edozein pertsona da ongi etorria hemen, ez dio inporta zein adin edo maila duen; ezagutzarik gabekoak ere hutsetik hezi ahal ditugu bertan".
Hiru helburu
Urtarrilean ekin zioten lanari eta martxan dute senior mailako taldea. Hori sendotzea izango dute helburu, epe motzera; emakumezkoen taldea osatzea, ertainera; eta harrobia sortzea, luzera.
Aretxabaletako jendea ez ezik, Arrasatekoa, Oñatikoa eta Bergarakoa ere badago, eta baita bailaraz kanpokoa ere, Soraluzekoa, adibidez.
Ate ireki saio gehiago
Atzoko ate ireki saioaren ondotik, beste bi egingo dituzte: hilaren 25ean eta maiatzaren 9an, 18:00etatik 19:45era, Aretxabaletako kiroldegian.
Ohiko entrenamenduak asteartetan egiten dituzte, 19:15etik 21:00etara, Almenen.