Santutxu ermitaren atzealdean dagoen 1B sektoreko lur-eremuaren jabetza ia osoa eskuratu berri du Udalak; hala eman du aditzera. Orain arte, lurren %40 zen harena, eta gainerakoa erosi du, %60, 521.592 euroko inbertsioa eginda. "Erosketa horrekin Udalak bere konpromisoa betetzen du; hau da, ikastetxe berriaren eraikuntzarako beharrezko azpiegitura eta lurzoruaren prestaketa bideratzea", adierazi dute prentsa-ohar bidez.

"Baldintzak hobetzea"
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bat eraikitzea da helburua. Eta hori egin ahal izateko, Arrasatetik Aretxabaletara bidean herriko sarreran eskuinaldera dagoen lur-eremua erosi du. Prozesua luze joan dela onartu dute, baina aurrera doa, egunotan jasotako bultzada lagun; orain, lursaila zatitu egingo dute eta dagokion zatia Hezkuntza Sailari emango diote, institutuaren proiektuaren lizitazioa has dezan hark. Hain zuzen, 10.000 metro karratu inguru izango dira.
Horrez gain, eremu osoaren erabilera-aldaketa abiatu du Udalak: "Institutua joango den gunearen izendapena industria-eremu izatetik ekipamendu publiko izatera pasatuko da, ikastetxearen eraikuntza eta bestelako azpiegitura publikoak bideratzeko".
Herriko Plazan kokalekua duen gaur egungo institutuko eraikinean 12 eta 16 urte arteko 250 ikasletik gora elkartzen dira, eta haien "baldintzak hobetu" egingo direla adierazi du Udal Gobernuak: "Proiektu horrek herriko gazteen hezkuntza-baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko du".
Aparkalekua eta bide zirkularra
Institutuaren bueltan urbanizatze-lan esanguratsuak iragarri ditu Udal Gobernuak; aparkalekua eta oinezkoendako pasealekua, esaterako. Aditzera eman du enkargatu dutela eremu haren urbanizazio-proiektua, eta dagoeneko bukatzear dagoela: "Horrek aukera emango du Lausitta eta Txarapea auzoak Santutxurekin lotzeko bidegorri eta oinezkoentzako bide baten bidez. Hala, pasealeku zirkular bat sortuko da, eta Lausitta/Txarapea bidegorriarekin konektatu".
Era berean, proiektu horretan aparkaleku berri bat zehaztu dute; Lausittako etxebizitzak pasatuta Isurieta auzoaren azpialdean kokatuko da, eta 100 plaza inguru izango ditu: "GSRko, Lausittako eta Txarapeako gunearen beharrei erantzungo die horrek".
Proiektua jendaurrean erakutsiko dute bukatutakoan, eta urbanizazio-lan horiek "lehenbailehen" hasi gurako lituzkete, 2026-2027ko denboraldian.
Ikastetxearen eraikitze-lanak, ostera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku daude. Udal ordezkarien ustea da proiektua lizitaziora aterako dutela urbanizazio-lanen behin-behineko onarpena egindakoan, eta ondoren etorriko dela lanen lizitazioa.