Duela 15 urte sortu zen Euspot (Euskarazko Spot Lehiaketa) eta dagoeneko Euskal Herrian erreferente bilakatu da, 1.000tik gorako spotak bilduz.
Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola dira lehiaketaren antolatzaileak, eta Bai Euskarari Elkartea eta Music Library laguntzaileak.
30 segundoko iragarkiak eskatu dira aurten ere, eta antolatzaileek honako galdera zehaztu dute gaitzat: Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan?. Gai hori proposatu da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzeko eta lehiaketan parte hartzera animatzeko. Horretarako, aurten ere, antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko hainbat ikastetxetan.
Hainbat sari
Hala ere, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude. Sei sari banatuko dira guztira. Alde batetik, sari nagusiak: spotik onenak 1.000 euro irabaziko ditu, publikoaren saria eta 18 urte beherakoen gazte-saria 500 eurokoak izango dira eta musika sinkronizazio onenak 300 euro lortuko ditu. Bestetik, sari gehigarriak egongo dira Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenarentzat (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onenarentzat (250 euro).
Parte hartu nahi dutenek, 2026ko maiatzaren 25era arte izango dute lanak aurkezteko aukera eta galdetegi bat bete beharko dute. Lehiaketako briefing-a eta oinarriak Euspoteko webgunean daude eskuragai.