Gazte gara gazte

Julene Rosado: "Produkzio departamenduan aritu nintzen lanean 'Los Domingos' filmean"

Imanol Beloki Unamuno 2026ko apirilaren 1a

Julene Rosado aretxabaletarra.

Ikus-entzunezkoen komunikazioan graduatua, Julen Rosado (2001, Aretxabaleta) Los Domingos filmean aritu da produkzioan lanean, Erdu talde feministarentzat dokumentala ekoiztu berri du, eta, musikari gisa ere ari da 721 taldearekin urratsak ematen.

Ikus-entzunezko komunikazio gradua ikasi duzu Aretxabaletan. Zela joan dira lau urteak?

Unibertsitateko lau urteak, esango nuke, nire bizitzako urte gustukoenetakoak izan direla. Azken finean, benetan gustatzen zaizun hori ikasten hasten zarenean, ikasketak beste modu batera bizitzen dira. Gainera, oso garrantzitsua iruditu zait bertan erabili den hezkuntza metodologia: teoria lantzeaz gain, praktikak ere pisu handia izan du. Horrek, azkenean, lan mundura salto egitean asko laguntzen du, aurretik esperientzia praktikoa izatea oso baliagarria delako. Ikus-entzunezko Komunikazioko graduak, gainera, esparru asko ukitzen ditu. Lau urte horietan denetarik egiteko eta ikasteko aukera izan genuen, eta horrek laguntzen dizu pixkanaka zure trebetasunak eta gustuak nondik doazen identifikatzen, baita etorkizunean zure ibilbide profesionala zein bidetatik garatu nahi duzun erabakitzen ere. Nire kasuan, batez ere bideogintzara eta argazkilaritzara bideratutako arloetan aritu nahiko nuke. Hala ere, idazten ere nahiko eroso sentitzen naiz; beraz, idatzizko kazetaritza ere ez da baztertzen dudan aukera bat.

Ikasketak amaitu berri hainbat lan ere egin dituzu, ezta?

Ikasketak amaitu ondoren, hainbat proiektutan aritzeko aukera izan dut: bideoklipak, dokumentalak eta bestelako ikus entzunezko lanak egiten. Garai batean komunikazio agentzia batean ere aritu nintzen lanean, ikus-entzunezko departamentuan, eta horrek egunerokoan edukiak sortzen eta proiektuak aurrera eramaten esperientzia handia eman zidan. Bestalde, Los Domingos filmean ere aritu nintzen lanean; kasu horretan, ordea produkzio departamentuan ibili nintzen, eta horrek beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman zidan zinema mundua. Esango nuke gehien gustatzen zaidana bideogintza eta argazkilaritza direla, bereziki prozesuaren barruan dagoen sormen partea: grabaketa bera, baina baita ondorengo edizioa eta postprodukzioa ere. Hala ere, ez naiz lan edo arlo bakar batera mugatu nahi. Nire ustez, hasierako urte hauetan garrantzitsua da gauza asko probatzea, esperientzia desberdinak bizitzea eta arlo askotatik ikastea..

'Los Domingos' filmean, nolakoa izan zen esperientzia?

Esperientzia berria, pelikula batean lan egiten nuen lehen aldia baitzen. Oso bizipen aberasgarria izan zen; izan ere, film baten atzean dagoen lan guztia ikustea harrigarria da. Proiektu handi batek zenbat pertsona eta zenbat lan koordinazio behar dituen konturatzen zara, eta bizitako guztiak asko irakatsi dit. Produkzioa, nire ustez, film baten oinarrietako bat da. Azken finean, produkzio taldea arduratzen da proiektua aurrera ateratzeko behar diren baliabide guztiak antolatzeaz eta koordinatzeaz. Hor sartzen dira, besteak beste, grabaketa egutegiak prestatzea, taldeko kideak koordinatzea, materiala eta kokalekuak kudeatzea edo eguneroko arazoei irtenbidea ematea… eta abar. Nolabait esateko, produkzioak egiten du posible sormenaren partea gauzatu ahal izatea. Horregatik, askotan ikuslearentzat ikusezina den arren, funtsezko lana da pelikula bat aurrera atera dadin.

Erdu talde feministarekin ere egin duzu dokumentala.

Niretzat lan guztiak saiatzen naiz modu profesionalean egiten, ahalik eta txukunen eta zintzoen. Hala ere, Erdu talde feministarekin egindako dokumentala izan da orain arte garatu dudan proiekturik luzeenetakoa eta sakonenetakoa. Guztira 15 elkarrizketa jaso genituen, eta horien bidez garai desberdinetako esperientziak eta borrokak bildu dira. Azkenean, elkarrizketa horiek guztiak elkartuta, Aretxabaletako emakumeen ibilbidearen mosaiko moduko bat osatzen da. Prozesu horretan erronka handienetako bat zintzotasuna izan da. Garrantzitsua zen elkarrizketatutako pertsonekin konfiantza giro bat sortzea, eta haien istorioak errespetuz eta arduraz kontatzea. Niretzat funtsezkoa izan da haien ahotsa modu zainduan eta duintasunez jasotzea. Proiekzioei dagokienez, oso esperientzia polita izan zen. Lehenengo emanaldia Txoko Feministan egin zen eta ondoren Zaraia aretoan, eta bietan harrera oso ona izan zuen. Jendea pozik atera zen eta proiektuak interes handia piztu zuen, eta horrek poz handia eman zigun.

721 taldearekin, berriz, ze moduz?

Musika betidanik egon da oso presente nire bizitzan, bai etxean eta baita kalean ere. Oso txikitatik hasi nintzen tronpeta eta gitarra ikasten, eta 13-14 urterekin jada musika taldeetan jotzen hasi nintzen; batzuetan lagunen artean sortutako taldeetan, eta beste batzuetan bidean ezagutzen dituzun musikariekin elkartuta. Gaur egun 721 taldearekin ari naiz proiektu batean. 2025ean gure lehen diskoa kaleratu genuen, Norabide bakarrean izenekoa, eta egia esan oso pozgarria izan da bai diskoak bai
taldeak izan duen harrera. Proiektuak bide polita hartu du eta oso gustura ari gara lanean. Duela gutxi single berri bat ere kaleratu dugu, Zergatik ez? izenekoa, eta momentuz ilusio handiz jarraitzen dugu, aurrera begira etorriko diren proiektu eta kontzertuekin.

Etorkizunera begirako proiekturik?

Ametsak, noski, asko daude beti buruan. Hala ere, etorkizunari begira ez dut dena gehiegi planifikatzeko joerarik. Nahiago dut oraina bizi eta pausoz pauso joan, etorriko denari irekita. Hori bai, garrantzitsua iruditzen zait norberak bere bidea zein den argi izatea eta bidean agertzen diren erronka guztiei aurre egiteko prest egotea.

Motzean

Janari gustukoena? Amamaren patata tortilla.

Bidaiatzeko toki bat? Canada.

Animali gustukoena? Katagorria.

Abesti bat? The baboon show Could You Be It.

Amets bat? Munduko jaialdi ospetsuenetako batean, taldearekin zuzeneko kontzertu bat ematea.

Aretxabaletako toki bat? Kuartela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak