Haurren kategorian lau talde ariko dira, junior mailan –16 urtetik beherakoak– bederatzi talde eta kategoria absolutuan –16 urtetik gorakoak– zortzi talde. Orotara, 150 dantzari inguru igoko dira oholtzara, eta, ekitaldia 18:00etan hasita, dantzez gozatu nahi duenak sei euro ordaindu beharko du sarrera.
Debagoieneko lau talde
Parte-hartzaileak Iruñetik, Barakaldotik, Bilbotik, Donostiatik eta Debagoienetik iritsiko dira; azken horretatik, lau talde ariko dira. Talde bakoitzak gehienez hiru minutuko koreografia aurkeztuko du; haurren eta junior kategorietan askotariko dantzak izango dira; kategoria absolutuan, berriz, dantza urbanoak izango dira protagonista. Antolatzaileen arabera, parte-hartzea handia da: "Azken urteotan gero eta kalitate handiagoa eta aniztasun handiagoa sumatzen ari gara parte-hartzaileen artean".
Epaimahaia hiru dantzari ezagunek osatuko dute: Gasteizko Aritz Lopez dantzari profesionalak eta Zaragozako Resistance Crew taldeko Pituk eta Sarak. Gainera, epaileek eurek ere ikuskizun berezia egingo dute. Eta lehiaketak beste pizgarri bat ere badu; izan ere, kategoria bakoitzeko talde irabazleak BreakOnStage ekitaldirako sailkatuko dira, guztira hiru talde. Dantza urbanoen topaketa handia 2026ko apirilaren 25ean egingo dute, Barakaldon.