"Gure aurrekoek egindako borroka txikiak batu nahi izan ditugu; orain gauden puntura iristeko borroka handiak izan direnak. 60-80 urte arteko pertsonekin egin dugu berba; Francoren garaitik noiz eta nola hasi ziren antolatzen; abortuaren klandestinitatean laguntzen izan zirenekin; independentzia ekonomikoa izateaz ere hitz egiten da; etxe feminista baten eskariaz; kintoez eta lehenengo entseguetara joan eta handik bota zutenaz; lehenengoz dantza egin zutenekin… Eta gero, gaur egungo begiradak batzen ditu ikus-entzunezkoak", azaldu du Larraitz Arandok, Aretxabaletako Mugimendu Feministako Erdu taldeko kideak.
Ordena kronologikoan egiten da 45 minutu inguru duen kontakizuna, eta euskarazko lana irekia da edonorentzat. Tril txoko feministan estreinatu zuten joan den martxoaren 8an, eta gaur Arkupen, zinema-aretoan, emango dute. "Guk gidoia egin dugu, baina grabaketa eta muntaketa Julene Rosadok egin du. Lanean, herritarren hitzez gain, haria lotzen, Eider Sanchez aritu da; dantza egiten, pianoa jotzen, hari artistiko gisa… Eta gero, saharar batek ere hartu du parte, besteak beste".
Aretxabaletako Erdu taldeak herriari egindako ekarpena izan dadin gura dute. "Jasota gelditzeko nahiarekin egin dugu. Erditu domekan egin zen, baina denbora luzeko lana dela ere nabarmendu nahi dugu", azaldu du Arandok.