Itsasne Barandiaran: "Galduta sentitzean laguntza eskatzea ez dagoela gaizki erakutsi nahi izan dut"

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 13a

Itsasne Barandiaran, 'Reflejos de mi silencio' liburuarekin.

17 urterekin argitaratu zuen Itsasne Barandiaranek (Aretxabaleta, 2007) Patadas de una enamorada liburua. Orain, berriz, bigarren lana plazaratu du: Reflejos de mi silencio. Azken horretan, poesiaren bidez barruko sentimenduak atera eta hitzen bidez partekatu ditu. Aretxabaletako Begiran eta Iberren dendan eta Arrasateko Ttukun dendan erosi daiteke liburua.

18 urte besterik ez duzula bigarren liburua argitaratu duzu. Nola bizi duzu momentu hau?

Txikitatik idazten ditut nire sentimenduak, mundua eta nire barne-mundua hobeto ulertzeko. Ez nuen neure buruarengan askorik sinesten, eta bigarren liburua argitaratzeak ilusio eta emozio handia eman dit. Momentu oso berezia da niretzat. Hilabete pare bat eman ditut prestatzen, baina liburuan agertzen diren emozioak bizitza osoan bizi izan ditudan sentimenduetatik sortu dira.

Zerk bultzatu zintuen poesia aukeratzera?

Patadas de una enamorada beste genero batean idatzi nuen [fikzioa], baina poesiak laguntzen dit azaltzen jakin ez dudana; hitz gutxitan, azaltzen. Hau da, neure buruari buruz lehen ez nekizkien gauzak aurkitzea lortzen dut. Bi liburuak nire sentimendu eta esperientzietan zentratzen dira, baina bigarren liburu honetan barruko mina islatu dut, eta erakutsi nahi izan dut norbera galduta sentitzen denean laguntza eskatzea ez dagoela gaizki. Poema guztiak esperientzia pertsonaletatik sortuak dira. Zer hoberik zure sentimenduak adieraztea baino, besteak entzunak senti daitezen.

"Nire beldurra, segurtasunik eza eta antsietatea biltzen dituen liburua da honako hau"

Zer da Reflejos de mi silencio?

Nire beldurra, segurtasunik eza eta antsietatea biltzen dituen liburua da. Edozeinek senti ditzakeen emozioak dira, eta irakurleak bere burua islatuta ikustea gustatuko litzaidake. Bakoitzak barnean dituen minak eta istorio pertsonalak irudikatzen ditut. Min ematen didan guztia kanpora atera dut, poesiaren bidez. Esan ez dudan guztia askatzeko modua izan da, onartua ez izateko edo desberdina izateko beldurragatik barruan gorde dudan guztia. Isiltasun horrek bakartzera eta oharkabean pasatzera lagundu dit, baina hori askatzeak pertsona gisa hazten lagundu dit, eta beste batzuei ere aukera eman die guk barruan gordetzen dugun horrekin identifikatzeko.

Liburuan mina, introspekzioa eta isilean geratu diren emozioak jorratzen dituzu. Zergatik gai horiek?

Askotan, min ematen digun guztia barruan gordetzen dugulako. Denborarekin, sufrimendu hori pilatu egiten da, eta ez dakigu nola atera. Uste dut garrantzitsua dela minaz hitz egitea, barrutik sendatzeko. Asko gustatuko litzaidake besteei laguntzea laguntza eskatzen; mina iragankorra dela ulertzen, sentitzen dutena identifikatzen eta hori lantzen, eta beldurra atzean uzten.

Nolakoa da zure idazteko prozesua?

Ez dut prozesurik, inspirazioa etortzen zaidanean idazten dut. Egunero sentitzen dudana idazten joaten naiz eta gero liburu bihurtzen dut. Paperean, mahai-zapi batean, ordenagailuan… edozein lekutan idazten dut. Normalean, gauean eta maite dudan jendearen inguruan nagoenean edo bakarrik pentsatzen hasten naizenean.

Gaztea izateak erraztasunak edo oztopoak ekarri dizkizu?

Hasieran, ez nekien nola idatzi liburu bat, baina praktikarekin aurrera eraman dut. Idatzi nahi duen gazte bati barruan daramana ateratzeko eta beldurrik ez izateko esango nioke. Idaztea, askotan, sendatzeko modu bat da, eta jende askori lagundu dio bere burua ulertzen.

Aurrera begira, zein asmo?

Hirugarrena aurrera doa, eta hura ere beste genero batean idazten ari naiz. Fantasiaren munduan sartuko naiz. Ez diot inoiz idazteari utziko; nire barruko zati bat da, eta laguntzen dit neure burua hobeto ezagutzen eta ulertzen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak