Leizarra musika eskolako bandaren emanaldia, etzi, Karmele Igartua aretoan

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 13a

Jon Lopez, banda zuzentzen, kontzertu batean.

Bandaren doinuak lehenengoz entzungo dira Karmele Igartua aretoan; domekan, hilaren 15ean, izango da, 18:30ean. Komentuko lorategian kontzertuak eman dituzten arren, eremu berria estreinatuko dute eta 25 musikarik osatutako taldea hiru ordu laurdenez arituko da, Jon Lopez zuzendariaren gidaritzapean.

Areto horretan egindako lehen kontzertuak rap doinuak hartu zituen, otsailean, eta oraingoan musika lasaiagoa izango da protagonista.

Askotariko proposamenak

Leizarra musika bandaren erronka nagusia taldea egonkortzea da, eta azken urteotan urratsak egin dituztela adierazi du Jon Lopezek, bandako zuzendariak: "Duela hamabost urte hasi ginen, eta, ordutik, musikari batzuk joan egin dira, beste batzuk bueltan etorri, eta berriak sartu ere bai. Nire asmoa jarraikortasuna da, eta ari gara apurka-apurka lortzen. Horrekin batera, musika eskolako ikasle izan direnak itzuli dira bandara, musikari batzuen lagunak ere gerturatu zaizkigu, eta ni Oñatiko musika eskolako irakaslea izanda, hangoen laguntza ere izan dugu…" Kontzertuari dagokionez, berriz, "pozik" dago kokalekuarekin: "Zeharo aldatuta dago eta guretzat perfektua da. Hala, herritarrak animatu nahi ditugu emanaldira joan daitezen; askotariko proposamenak izango ditugu entzungai".

Abesti herrikoiekin hasiko du Leizarra musika bandak domekako kontzertua

Hain zuzen ere, domekako emanaldian hainbat generotako piezak eskainiko dituzte Leizarrakoek. Abesti herrikoiak izango dira hasieran; adibidez, Txantxibiri, Gure Kuadrila eta Atxikera-potxiketan, Angel Briz konpositorearen moldaketarekin. Ondoren, banda eta konpositore nazional eta internazionalen obra modernoagoak aurkeztuko dituzte. The sound of my life Otto M. Schwarz austriarraren pieza izango da hurrengo proposamena. "Konposizio horrekin, Otto M. Schwarzek erakutsi zuen izaera goibela eta ia malenkoniatsua duen lan bat konposatzeko gaitasuna", dio Lopezek. Clark Country Celebration James Swearingen estatubatuarrarena izango da hurrengo pieza: "Sarrera alai batekin, kantu gogoangarriak, partitura sendo bat eta perkusio zati bikainak konbinatzen dira Las Vegas, Nevada eta antzekoen inguru ederren erretratu musikala eskaintzeko". Robert Buckley konpositore britainiarraren Walking to the sky ere izango da entzungai. Gero, Henry Mancini konpositore estatubatuarraren zenbait soinu-banda joko dituzte: Baby elephant walk, Moon river, Pink phanter eta Peter Gunn pelikulenak; eta amaitzeko, rocka izango da nagusi; Ozzy Osbourne taldearen Crazy Train kantua eta Europe taldearen The final countdown abestiekin borobilduko dute ekitaldia.

Kolaborazioa eta aurrerapena

Herriko musikariekin elkarlanean jarduteko ahalegina egin dute azken urteetan. Hala, aurten ere hainbat artistak parte hartuko duela bandaren emanaldietan aurreratu du Lopezek: "Iazko udan Beñat Arizabaleta abeslari aretxabaletarrak gurekin abestu zituen bi abesti, mojetako lorategian emandako kontzertuan, eta aurten Aretxabaleta Abesbatzak gurekin parte hartuko du ekainean egingo dugun urteroko emanaldian".

Harrobia eraikitzen

Entseguak martitzenetan izaten dituzte, 20:00etan, eta musika bandarekin parte hartu nahi duen orok ateak zabalik dituela nabarmendu du Lopezek. Gaineratu duenez, musika eskolako banda txikia ere martxan da, eta gogo betez daude. "Aurten berreskuratu dugu banda txikia. Pandemia garaian eten genuen, haize-instrumentu gutxi zeudelako. Gaur egun, berriz, hamabi kide ditu, eta gustura gaude lanean, Susana Plumez Leizarra musika eskolako tronpeta irakaslea eta biok ari gara eta laster Legazpin izango den Musikaldian izango dira kontzertua ematen. 10, 11 eta 12 urteko haurrak dira, eta sentsazio onekin ari gara harrobia eraikitzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak