Nazioarteko hainbat esperientzia ditu esku artean Aretxabaleta Lanbide Eskolak

Goiena 2026ko martxoaren 6a

Aretxabaleta Lanbide Eskolako kideak, Portugalgo ordezkaritzarekin batera. (Argazkia: ALE)

Portugalgo ordezkaritza baten bisita jaso dute aste honetan bertan

Geroz eta globalizatuagoa den mundu honetan, nazioartean lan egin ahal izatea ezinbesteko bilakatzen ari da. Horretan murgilduta dago Aretxabaleta Lanbide Eskola, eta urtetik urtera aurrerapausoak ematen ari da nazioartekotzean.

Portugalekin harremana

Nazioartekotze horretan egindako azken urratsa aste honetan bertan izan da. Portugalgo Peñafiel herriko ikastetxearen zuzendaria eta ikasketaburua Aretxabaleta Lanbide Eskolan izan dira, zentroa eta bere ingurunea bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Bisitak bi eskolen artean irakaspenak trukatzeko balio izan du, eta portugaldarren eskola-kudeaketari buruzko hainbat irakaspen jaso dituzte.

Bisitaren aspektu garrantzitsuena bi ikastetxeek etorkizuneko lankidetza-programa formalizatu izana da. Horrela, ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatu nahi dute aretxabaletarrek.

Lankidetza programaren formalizazio hori aurrez portugaldarrekin izandako hartu-eman aberatsaren fruitua da: iaz, Erizaintzako Zaintza Osagarrietako sei ikaslek eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonentzako Arretako hiru ikaslek Peñafielera joateko aukera izan zuten, bertan astebeteko egonaldia egitera. Ikasleendako esperientzia ikaragarria izan zen, eta, lankidetza-programa berri horri esker, aurten, esperientzia errepikatzeko aukera izango da.

Egonaldian zehar, ordezkariek Debagoieneko hainbat gune eta erakunde bisitatu dituzte; tartean, Copreci eta arreta eta berrikuntza teknologikoa uztartzen dituen Ahizpa Ospitalarioak erakundearen etxe domotikoa. Zaldi-terapia jarduerak egiten dituzten Zabolain Hipika Zalditegia ere bisitatu zuten. Azkenik, Lanbide Heziketako erreferentziazko gune den Tknika zentroan izan ziren, berrikuntza eta nazioartekotze proiektuak gertutik ezagutzeko.

Nazioartekotzeari etenik ez

Portugaldarrekin itxitako lankidetza programa harri bat gehiago izan da eskolaren nazioartekotzean, baina ez da bakarra; izan ere, Aretxabaleta Lanbide Eskolan, nazioarteko esperientziek ez dute etenik.

Horren froga da 2025-2026ko ikasturtearen hasieran, urrian, zehazki, Ibilgailuen Elektromekanika eta Karrozeria zikloetako sei ikasle Frantziako Nevers hirira joan zirela. Bertan, euren ibilbide profesionalerako oso aberasgarria izango den esperientzia bat bizitzeko aukera izan zuten: hango automozio tailerren funtzionamendua lehen eskutik ikusi zuten.

Praktikaldiak Euskal Herritik kanpo egiteko aukera ere badu eskolak. Bide horretatik, Erizaintzako Zaintza Osagarrietako eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonentzako Arretako bigarren mailako hiru ikasle Eslovakiara joan ziren aurreko igandean, hiru hilabeteko praktikaldi bat egitera bertako hainbat ospitale eta osasun-zentrotan. Egonaldiak euren prestakuntza profesionala aberasteko eta beste herrialde bateko lan-errealitatea ezagutzeko aukera emango die.

Baina haiek ez dira Eslovakiara joango diren ikasle bakarrak. Maiatzean, Soldadura eta Galdaragintza zein Mekanizazio zikloetako beste lau ikasle eta bi irakasle ere hara joatekoak dira. Haien egonaldia bi astekoa izango da, eta hango fabrikazio mekanikoko eskola bat zelakoa den ezagutzeko aukera izango dute. Hala ere, nazioartekotzeak barrura begira ere egotea eskatzen duenez, lehenago, apirilean, lau ikasle eta bi irakasle eslovakiar jasoko dituzte Aretxabaletan.

Bide horretan, bestelako berrikuntza handi bat ere iragarri du Aretxabaleta Lanbide Eskolak: aurten, lehenengo aldiz, Erasmus programa Afrikara zabaltzea lortu dute. Aurrerapauso horri esker, eskolako bi ikaslek Senegalera bidaiatzeko aukera izango dute. Bidaia aukera paregabea izango da bertako errealitatea gertutik ezagutu ahal izateko eta, bide batez, hango ikastetxeekin etorkizuneko lan-ildoak aztertzeko.

Azpimarratzekoa da, baita ere, une honetan Automozio eta Soldadura arloetako bigarren mailako hainbat ikasle atzerrian daudela, Ikaslan erakundearen bekei esker. Hiru hilabeteko praktikak egingo dituzte Vienan, Maltan eta Italiako hainbat hiritan. Hain zuzen ere, ikastetxeak nazioartekotzearen aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du, ikasle zein irakasleei esperientzia profesional eta pertsonal aberasgarriak eskainiz eta etorkizuneko aukerak zabalduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak