Aretxabaletako alkate Gari Iturbek nabarmendu duenez, "oso pozik" daude hirugarren urtez argazki topaketa Aretxabaletan egingo delako: "Ekitaldi aitzindaria da, urtez urte indartzen doa eta erreferentzia bihurtzen ari da". Haren esanetan, "Euskal Herriko argazkilaritza talentua goraipatu, baloratu eta saritzen duen ekitaldia da; proiektu horiei esker gure lurraldean egiten den lana ikusarazten da eta gure aberastasun kulturala ezagutarazten da".
4.000 euro sarietan
Iaz bezala, topaketan 500 euroko zortzi sari banatuko dituzte: Aretxabaletako eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako argazkilari bana sarituko dute –Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa–. Guztira, beraz, 4.000 euro banatuko dira.
Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek 2026ko apirilaren 12ra arte izango dute lanak aurkezteko epea. Hautatutako zortzi argazkilariek 500 euroko saria jasotzeaz gain, euren proiektua jendaurrean aurkezteko aukera izango dute Arkupe Kultur Etxeko auditoriumean, eta maiatzean zehar egingo den erakusketa kolektiboan parte hartuko dute. Antolakuntzatik, irabazleen izenak 2026ko apirilaren 20an jakinaraziko dituzte.
Aurkezpenean, Jardin Remoto ekimeneko kide Sandra Remonek Aretxabaletako Udalaren apustua nabarmendu du: "Argazkia.eus topaketaren sariak ekonomikoak eta erakusketa-ekoizpenekoak dira; beraz, promozioa eta zabalkundea eskaintzen diete irabazleei. Horrek guztiak erakusten du Aretxabaletako Udalak argazkigintzaren, artearen eta lurraldeko talentuaren alde egiten duen apustua".
Lehiaketako oinarriak
Interesdunek karpeta digital bat aurkeztu beharko dute, 2026ko apirilaren 12ko 23:59ak baino lehen. Karpeta horretan honako hau jasoko da: argazki-proiektuaren azalpenak dituen PDF bat; PDF bat curriculum artistikoarekin; nortasun agiriaren kopia bat edo jaioterria eta/edo bizilekua Euskal Herrian duela ziurtatzen duen agiria; eta, guztira, proiektuaren 20 irudi solte, JPG 1920px formatuan, alderik luzeenean eta 72ppp.
Dokumentazioa konprimatu eta Wetransfer bidez bidali beharko da argazkia.eus@gmail.com helbidera. Proposamena aurkeztearekin batera, parte-hartzaileek konpromisoa hartuko dute topaketara bertaratzeko eta euren lana hitzaldi bidez aurkezteko, baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere.
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
ASTEBURUETAKO BULETINA
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.
Harpidetza aukera guztiak