Martxoak 8 (2026)

'Aurten gu be kintta!' ekimena, emakumeen aitortza eta aldarrikapena plazaratzeko

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 6a

'Aurten gu be kintta!' egitasmoko kideak, talde-argazkian, entseguaren ostean.

Garai batean kintta izaten utzi ez zitzaien emakumeek Aurten gu be kintta! egitasmoa abiatu dute, eta bihar, zapatua izango dute ospakizun eguna.

Aspaldiko ideia izan da; izan ere, bere garaian herrian kintta izateko saiakera egin arren, aukera ukatu egin zitzaien. Zorionez, gaur egun kintoen ekimena berdintasunean egiten da. Testuinguru berri horrek eta urte hauetako aldaketek garai hartako hainbat emakumeri berriro piztu diete plazara dantzara ateratzeko arantza eta gogoa. Horrela, kintta izateko aukera berriro mahai gainean jarri, eta biharko hitzordua antolatu dute.

10:00etan, Herriko Plaza apaindu eta herrian zehar kantuan hasiko dute eguna. Gero, hamaiketakoa egingo dute, triki-poteoa, eta bazkaria Basaben. Ondoren, dantzak 18:00etan egingo dituzte, Herriko Plazan.

Bazkarian 57 lagun

Egun batez kintta izango dira, garai batean ukatu zitzaien lekua eta aitortza berreskuratzeko. Aldi berean, herriko emakume guztiei dei egin nahi diete festara animatu eta egun berezi horretan parte hartu dezaten. "Bazkarirako 57 lagun daude konfirmatuta, eta dantza egiteko, berriz, gehiago batuko gara. 22-25 lagun inguru arituko gara dantzan, baina borobilean 57 lagun batzea aurreikusten dugu. Datu horrek agerian uzten du banakako protagonismoa oraindik ere nolabaiteko hesia dela emakume askorentzat", azaldu du Mirari Irurek, Aurten gu be kintta! egitasmoko kideak.

Ilusioa eta aitortza

Urtarrilean Emakume Txokoaren inaugurazioa egin ostean, hamabostean behin komentuan batu izan dira entseguak egiteko eta zapatu honetarako dantzak prestatzeko. Hori horrela, azaldu dutenez, martitzeneko azken entsegua ilusioz amaitu zuten. "Irrintzi eta ulu kolektibo artean", saioa egiteko gogoz daudela nabarmendu dute. "Entseguetan, askok autoafirmatu beharra sentitu dugu; izan ere, ez da ohikoa askorentzat borobiletik kanpo aritzea, eta erraza da borobilean geratzeko joerari eustea. Hala ere, pausoa eman eta erdigunera irteteko prest agertu dira". Borobilera, gainera, Aretxabaletako dibertsitate funtzionala duten zenbait emakume ere batuko dira; Atzegitik, bi lagun. Dantzei dagokienez, agurraren momentua izango dela unerik garrantzitsuena azaldu dute. Izan ere, momentu hori aprobetxatuko dute kintten bueltan rol garrantzitsua izan duten Aretxabaletako emakume batzuei omenaldia egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak