Martxoak 8 (2026)

Udalak eta mugimendu feministak egitarau zabala antolatu dute M-8aren baitan

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 6a

Iaz, Martxoaren 8ko elkarretaratzea.

Aretxabaletako Udalak herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarduera-programa zabala antolatu du, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bidean oraindik dagoen lana ikusarazteko, eta ekintzak martxoaren 7tik 14ra bitartean egingo dira, herriko hainbat gunetan.

Biharko, zapatua, Aurten gu be kintta! egun osoko egitasmoa antolatu dute, 18 urte betetzean kintta ospatu ezin izan zuten emakumeen omenez eta emakume guztiek kintta izateko duten eskubidea aldarrikatzeko. Eguna 10:00etan hasiko dute, Herriko Plaza apainduz; 11:00etan hamaiketakoa egingo dute; 12:30ean triki-poteoa izango da; 15:00etan bazkaldu egingo dute; eta 19:00etan dantza izango da Herriko Plazan.

Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, egun osoko egitaraua antolatu dute. 12:00etan hasiko da Aresko XIII. Martxa, Aretxabaletatik Eskoriatzara, Herriko Plazatik abiatuta; 12:30ean, tote bag tailerra egingo dute, neska gazteentzat, Tril txoko feministan; 14:30ean, nork berea eramanda; 17:00etan Borroka txiki haundixek (Atxabalta Feminista baterantz) dokumentala estreinatuko dute, euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin; eta 19:00etan manifestazioa egingo dute, Herriko Plazatik hasita.

'Borroka txiki haundixek' ikus-entzunezko berezia

Tril txoko feministan proiektatuko den Borroka txiki haundixek ikus-entzunezkoa Aretxabaletako Mugimendu Feministako Erdu taldeko kideek egin dute. "Gure aurrekoek egindako borroka txikiak batu nahi izan ditugu; orain gauden puntura iristeko borroka handiak izan direnak. 60-80 urte arteko pertsonekin egin dugu berba; Francoren garaitik noiz eta nola hasi ziren antolatzen; abortuaren klandestinitatean laguntzen izan zirenekin; independentzia ekonomikoa izateaz ere hitz egiten da; etxe feminista baten eskariaz; kintoez eta lehenengo entseguetara joan eta handik bota zutenaz; lehenengoz dantza egin zutenekin… Eta gero, gaur egungo begiradak batzen ditu ikus-entzunezkoak", azaldu du Larraitz Arandok, Aretxabaletako Mugimendu Feministako Erdu taldeko kideak.

Ordena kronologikoan egiten da 45 minutu inguru duen kontakizuna, eta euskarazko lana irekia da edonorentzat. Tril txoko feministan izango da lehenengo proiekzioa, eta hurrengoa Arkupen, zinema-aretoan, martxoaren 12an, 19:30ean. "Guk gidoia egin dugu, baina grabaketa eta muntaketa Julene Rosadok egin du. Lanean, herritarren hitzez gain, haria lotzen, Eider Sanchez aritu da; dantza egiten, pianoa jotzen, hari artistiko gisa… Eta gero, saharar batek ere hartzen du parte, besteak beste. Aretxabaletako Erdu taldeak herriari egiten dion ekarpena izatea nahi dugu. Jasota gelditzeko nahiarekin. Erditu domekan egingo da, baina denbora luzeko lana dela ere nabarmendu nahi dugu", azaldu du Arandok.

Datorren asteko ekintzak

Martxoaren 10ean, berriz, 17:00etan Collage feminista tailerra izango da, Olatz Zuazubiskarrek gidatuta, Tril txoko feministan. Izena eman behar da, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidean. 19:00etan, berriz, Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztuko du Zaraia aretoan.

Martxoaren 11n, eguaztena, 17:30ean, Bazen behin neska bat… ipuin-kontaketa saioa izango da 4 urtetik gorakoentzat, Lur Korta ipuin kontalariaren eskutik.

Martxoaren 12an, eguena, 18:00etan, Nahia Alkortak (EQUA) Nire alaba genero indarkeriaren biktima izatea eta nire semeak indarkeria hori erabiltzea prebenitzeko gakoak hitzaldia egingo du, euskaraz, Tril txoko feministan, eta, 19:30ean, berriz, Borroka txiki haundixek (Atxabalta Feminista baterantz) dokumentalaren bigarren emanaldia egingo da, kasu honetan, Zaraia aretoan.

Martxoaren 14an, zapatua, 11:00etan mural feminista margotzeko tailerra izango da Tril txoko feministaren kanpoaldean, Joana Manzisidorren gidaritzapean. Parte hartzeko izena eman behar da, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidean.

Ekintza jakin horiez gain, martxoan, hilabete osoan liburutegian euskal emakume idazleen txokoa egongo da ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak