"Oraindik ere bidea dago egiteko emakume eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko. Horregatik Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikapenerako eta salaketarako eguna da", adierazi dute ohar bidez. Horretarako, egitarau sorta antolatu dute eta martxoaren 7tik 14ra bitartean hainbat ekintza izango dira –gehienak TRIL Atxabaltako Txoko Feministan–.
Aurten gu be kintta! ospakizuna
Zapatuan, hilaren 7an, Aurten gu be kintta! egun osoko ospakizuna egingo dute. Bere sasoian kintoen jaia ospatu ezin izan zuten emakumeen omenez antolatu da, "emakume guztien kinto izateko eskubidea aldarrikatzeko helburuarekin".
10:00etan ekingo diote egunari Herriko Plaza apainduta eta 11:00etan, hamaiketakoa izango dute. 12:30ak bueltan triki-poteoa egingo dute eta 15:00etan bazkaltzera joango dira Basabe jatetxera. 19:00etan, ostera, dantza emanaldiari ekingo diote, txistulariak lagun dituztela, Herriko Plazan.
"Ilusio handiarekin" dabiltza gertatzen eguna eta ia 60 emakume elkartuko dira, nahiz eta guztiek ez duten egingo dantzan. Azken entseguak egunotan egingo dituzte.
Domekan, Aresko martxa, dokumentala eta manifestazioa
Domekan, hilaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunari emango diote hasiera Aresko martxarekin. Zortzigarrena izango da eta oraingoan Aretxabaletako Herriko Plazatik abiatuta Eskoriatzara joango dira. Herri bakoitzean omendu bana izango da; Aretxabaletan, TRIL emakume taldea eta Eskoriatzan, Begoña Eraña.
Neska gazteentzat, ostera, Tote Bag tailerra antolatu dute eta 12:30ean izango da txoko feministan. Leku berean elkartuko dira gero, 14:30ean, bazkaltzeko; bazkari feminista autogestionatua izango da, norberak eroandakoa.
Bazkalostean, 17:00etan, dokumental bat estreinatuko dute: Borroka txiki haundixek –Atxabalta Feminista baterantz–.
Eta eguna bukatzeko manifestazioa egingo dute; 19:00etan abiatuko da Herriko Plazatik.
Beste saio batzuk
Hurrengo egunetan beste aurkezpen, ikastaro eta saio batzuk ere izango dira. Hona hemen horiek:
Martxoaren 10a, martitzena
- 17:00etan, Collage feminista tailerra, Olatz Zuazubiskarrek gidatuta (Nolabait ilustrazioak) (TRIL Txoko Feministan) –izena eman behar da aldez aurretik… berdintasuna@aretxabaleta.eus–.
- 19:00etan Onintza Enbeita Maguregi idazle eta bertsolariak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztuko du, Zaraia aretoan.
Martxoaren 11, eguaztena
- 17:30ean, Bazen behin neska bat… ipuin-kontaketa saioa, 4 urtetik gorakoentzat, Lur Kortaren eskutik.
Martxoaren 12a, eguena
- 18:00etan, Nire alaba genero indarkeriaren biktima izatea eta nire semeak indarkeria hori erabiltzea prebenitzeko gakoak hitzaldia emango du Nahia Alkortak (EQUA), euskaraz (TRIL Txoko Feministan).
- 19:30ean, Borroka txiki haundixek (Atxabalta Feminista baterantz) dokumentalaren bigarren emanaldia (Zaraia aretoan).
Martxoaren 14a, zapatua
- 11:00etan, TRIL Txoko Feministaren kanpoaldeko paretan mural feminista margotzeko tailerra, Joana Manzisidorrek gidatuta –izena eman behar da aldez aurretik berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidera idatzita edo bete formularioa–.
Eta martxo osoan euskal emakume idazleen txokoa egongo da Udal liburutegian.