Hainbat zuhaitz birlandatuko dituzte egunotan Aretxabaletako lau gunetan

Mirari Altube Arrese 2026ko martxoaren 3a

Errekabarren kaleko platanondoak.

Ekaitzen, gaixotasunen edo bestelako egoeraren ondorioz azken urteotan apurtu edo hil diren zuhaitzak ordezkatuko ditu Udalak, "herriko berdeguneen kalitatea eta jarraikortasuna bermatzeko".

Lau gunetan egingo dituzte esku-hartzeak. "Birlandaketa plana irizpide tekniko eta ingurumen-irizpide desberdinak kontuan hartuta prestatu da, betiere arloko adituekin kontrastatuta", adierazi dute Udaletik. Hala, gune bakoitzaren ezaugarriak aztertu dituzte –espazio erabilgarria, etxebizitzekiko distantzia eta lurzoruaren baldintzak–, kokaleku bakoitzerako "espezie egokiena" hautatzeko.

Hainbat zuhaitz mota

Lau gune hautatu dituzte. Santa Kurtz kalearen hasieratik pilotalekuraino, Liquidambar espezieko zuhaitzak landatuko dira: "Espezie horrek egitura sendoa eta udazkeneko kolore ikusgarria eskaintzen ditu". Dena den, etxebizitzetatik hurbilen dauden tarteetan tamaina kontrolatuagoa duen barietatea landatuko dute: Liquidambar Gumball, porte txikiagokoa da eta espazio murritzetan egokiagoa.

Errekabarren kalean, platanondo batzuk birlandatuko dituzte: "Lerrokadura berreskuratu eta itzal-jarraikortasuna bermatzeko. Zuhaitz horiek etorkizunean modu planifikatuan inausteko asmoa dago, hazkundea kontrolatzeko eta segurtasuna indartzeko".

Geltoki plazan, ezkiak ordezkatuko dituzte; eta herriko beste hainbat gunetan egoera txarrean dauden zuhaitzak ere berrituko dira.

Herriko Plazan lehortuta dagoen artea moztu egingo dute: "Datorren neguan arbolen birlandaketa eta eremu hori txukuntzeko obra txiki bat ere egitea aurreikusten da".

Egunotan egingo dituzte esandako lanok eta Udaletik adierazi dute obrak egin bitartean, une jakinetan, oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorrian aldaketak egon daitezkeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak