Bost atxilotu Aretxabaletako enpresa batean lapurreta egiteagatik

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 27a

Lapurtutako materiala.

Ertzaintzak Etxebarri auzoko enpresa bateko segurtasun-jagoleen abisua jaso zuen atzo arratsaldean. Agenteek, hara zihoazela, bost lagun identifikatu eta atxilotu zituzten, "furgoneta batean enpresatik hartutako aluminiozko 55 pieza baitzeramatzaten".

Atzo, osteguna, 17:30 aldera, Aretxabaletako Etxebarri auzoko enpresa bateko segurtasun-jagoleek Ertzaintzari bertaratzeko eskatu zioten, "hainbat pertsonak atzeko ateak behartu eta lantegitik materiala lapurtu ondoren ihes egin zutela esanez".

Adierazitako lekura zihoazen ertzainek lantegi inguruan aurkitu zuten inplikatutako furgoneta. Ibilgailuan lau gizon eta emakume bat –24, 27, 44, 50 eta 55 urtekoak– zihoazen, eta identifikatu ondoren atxilotu egin zituzten indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta: "Enpresatik hartutako aluminiozko 55 pieza zeramatzaten. Gainera, atxilotuek ateak behartu zituzten lantegira sartzeko".

Atxilotuetako lau, hiru gizon eta emakumea, polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko eginbideak betetzera, eta bosgarrena aske geratu zen osasun-arazoak tarteko. Atxilotuak gaur, ostirala, goizean jarriko dituzte epailearen eskuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak