Herriarteko bertso txapelketa jasoko du Aretxabaletako Karmele Igartua aretoak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 27a

Aurreko astean Bergaran jokatu zen kanporaketa. Kantuan, Ane Zuazubiskar eta Urko Egaña.

Hiru talde lehiatuko dira biharko Debagoieneko bigarren kanporaketan, 19:00etan hasita. Leintz taldeak irabazi zuen aurreko asteko kanporaketa.

Herriarteko bertso txapelketa jokatzen dabiltza Gipuzkoa osoan, eta Debagoiena ere murgildu da bertan. Aretxabaleta izango du aterpe Debagoieneko bigarren kanporaketak, eta bihar jokatuko dute, Karmele Igartua aretoan, 19:00etan hasita. Hiru taldek hartuko dute parte bertan: Kale edo Bale –Josue Madariaga, Txomin Alberdi, Alazne Jauregi, Jon Mata eta Aritz Kortabarria–, Tutelatraku –Gontzal Belategi, Aritz Irigoien, Urko Arregi, Aritz Iza eta Enaitz Ibabe– eta Mikaela Mentu –Uxue Igartua, Lide Arregi, Maider Arregi, Mirari Sagarzazu eta Nerea Etxezarreta–.

Giro ona nagusi

Ezohiko txapelketa da Herriartekoa, eta lehia baino gehiago giro ona izaten da nagusi. Guztiendako plaza bat da txapelketa hori, eta normalean oholtza gainean ikusten ez diren bertsolariak entzuteko aukera sortzen du. Bide horretan, eskualdeko bertsolarien eta bertsozaleen elkargune bilakatuko da Karmele Igartua.

Finala, Antzuolan

Aurreko astean jokatu zen eskualdeko lehenengo kanporaketa, Bergarako kartzela zaharrean. Leintz taldea nagusitu zen saio hartan –Oihana Arana, Haizea Arana, Larraitz Trojaola, Ane Zuazubiskar eta Olatz Zuazubiskar–, eta Aretxabaletako saioko irabazlearen aurka lehiatu beharko dute martxoaren 14an Antzuolako gaztetxean jokatuko den finalean. Horren ostean, eskualdeko langa gaindituko du txapelketak, eta Debagoieneko irabazlea Debabarreneko irabazlearen aurka lehiatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak