Barrura begiratu ostean, kanpora begira jarriko da Loramendi elkartea 2026an

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 26a

Atzo egindako batzarra.

Atzo egin zuten urteko batzarra Loramendi Elkarteko kideek, udaletxe zaharrean. Aurreko urteari zein 2026an etorriko denari erreparatu zioten bertan.

Urteko batzar orokorra egin zuen atzo, eguaztena, Loramendi elkarteak, udaletxe zaharrean. Ohiko prozedura jarraitu zuten bertan. 2025eko jardunaren errepaso batekin hasi zuten, urteko diru kontuen azalpen eta onarpenarekin batera. Elkartearen barne antolamendua ere jorratu zuten, eta jarraian, 2026ko jardunean murgildu ziren, bidean aurrekontuak onartuaz. Batzarraren ostean pintxo-potea egin zuten.

Hainbat ekintza urtean zehar

2025ean hainbat ekimen egin zituztela azaldu du elkarteko dinamizatzaile jarduten duen Aitana Sanchezek: "Dokumentala aurkezten hasi genuen urtea eta bertso-afaria egin genuen Lekaixoka eta Aixotu elkarteekin elkarlanean. Urteroko literatur lehiaketa ere egin genuen. Udaberri aldean Euskaraldiarekin ibili ginen lanean, eta ostean udalekuekin". Data seinalatuetan ere lanean ibili ziren; tartean, sanmigeletan eta Gaba Baltzean.

Ekimen "potolo" horiez gain, bestelako lan batzuei ere balioa eman nahi izan die Sanchezek: "Errigorarekin bat egiten dugu, eta banaketa-puntu izan gara. Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatzen dugu eta Herri Urrats zen Nafarroa Oinezerako autobusak antolatu ditugu". Loramendi Taupa elkartearen parte dela ere nabarmendu du.

Hausnarketa prozesua

"2024a oso gorabeheratsua izan zen, eta 2025a barrura begiratzeko aprobetxatu dugu", adierazi du dinamizatzaileak. Bide horretan, aurreko biltzarrean adostutako barne hausnarketan murgilduta egon dira urtean zehar. Barne antolaketa ondo zehazten ibili dira, eta 2026an ere mantenduko dute prozesua, gerora hausnarketa espazio ho- riek herritarrekin partekatu ahal izateko: "Ikusten dugu beharrezkoa dela bazkideek eta herritarrek Loramendin parte hartzeko espazioak sortzea".

Kanpora begirako 2026a

Hausnarketekin jarraituko duten arren, 2026a berriro "poliki-poliki kalera irteteko" urtea izango dela uste du Sanchezek. Horretan funtzio berezia beteko du sortu berri duten aisialdi lantaldeak. Dagoeneko hasi dira herritarrei ekintzak eskaintzen; esaterako, urtarrilerako antolatu zuten olio dastaketa eta astean egin duten karapaixo tailerra. Biziberritze horren baitan, atzera begira jarri dira eta iraganean egiten zituzten ekintzak berreskuratzeko asmoa dutela iragarri dute: "Gure asmoa da hilabetean behin, gutxienez, ekintza bat egitea".

Bi urte ludoteka kudeatu gabe

Ohar baten bidez jakinarazi zuen elkarteak hurrengo bi urteetan, behintzat, ez duela ludoteka kudeatuko, lizitazioan egindako akats batzuengatik. Hala ere, langileak mantentzea lortu zuten, eta "herritarrendako zerbitzua ez da aldatuko, printzipioz". Etorkizunean berriro aurkezteko asmoa azaldu du Sanchezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak