Mondragon Assemblyk packaging sektorean diharduen ATP enpresa erosi du

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 20a

Mondragon Assembly eta ATP Engineering & Packaging enpresetako ordezkariak, sinaketaren egunean. Argazkia: Mondragon Assembly

Mondragon Assemblyk, Berberà del Vallèsen –Bartzelona– kokatuta dagoen ATP Engineering & Packaging enpresa erosi du, packagin sektorean hazteko helburuarekin. ATPk, gaur egun, 60 lagun enplegatzen ditu eta 30 urteko esperientzia du linea osoak eta ontziratzeko makinak fabrikatzen.

Operazio honekin, "indargune teknologikoak areagotzea eta negozioaren dibertsifikazio-prozesuan urrats estrategiko bat" emango dela azaldu du Mondragon Assemblyk; elikagai-packagingaren sektorera, eta, bereziki, picking eta kaxaratze lerroen fabrikaziora sartuz.

Bi enpresek, euren arduren "konbergentzia eta sinergia maila handiak" kontuan izan dituzte akordiora heltzeko orduan: "Batasun honekin, ATPk Mondragon Assemblyri elikagai-packagingaren sektorean sartzeko aukera ematen dio, sektorean esperientzia handia duen eragile baten eskutik; bezero garrantzitsuen eskutik, oso produktu teknologiko eta kalitatezkoekin, eta lantalde profesional sendoarekin", nabarmendu dute. 

Bestalde, Mondragon Assemblyk ATPri egingo dizkion ekarpenen artean, honakoak azpimarratu dituzte: "Talde kontsolidatu batean parte izatea, nazioarteko sarearen bidez merkatu berrietara sarbidea, baliabideak eta finantza gaitasuna, eta lantegi zein kokapen anitzeko talde baten kudeaketa-sistemak bere egitea".

Enpresaren kapital osoa erosi dute

Erosketa honekin, Mondragon Assemblyk enpresaren kapitalaren %100 eskuratu du. Akordioa, otsailaren 19an sinatu zen Bartzelonan, eta bertan izan ziren besteak beste: Nereo Urbano, Ignasi Manresa, Manel Bernat eta Joaquin Bellido ATPko bazkideak; baita Mikel Gantxegi eta Igor Herrate, Mondragon Assemblyren zuzendari nagusia eta presidentea, hurrenez hurren.

Bestetik, erosketa prozesuan, Mondragon Assemblyk LKS Corporate & Legal-en laguntza jaso du. "Ahaleginak egingo ditugu proiektu bateratu honetan parte hartzen duten guztientzat ondare iraunkor oparoa uzteko; berrikuntzaren ikuspegitik emankorra izango den ondarea gainera", azaldu du Mondragon Assemblyren zuzendari nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak