AtxabaltaMugik ematen dituen jarduerak areagotu egingo dituzte Basotxoko kideek

Mirari Altube Arrese 2026ko otsailaren 20a

Basotxoko presidente Jokin Antxia eta Athloneko kide Pello Uriarte, zerbitzuen gaineko argibideak ematen erretiratuei.

Gimnasia saioak egitea eta irteeren egutegi bat zehaztea proposatu dute eta izena emateko epea zabaldu.

Aretxabaletarren artean jarduera fisikoa sustatzea helburu duen AtxabaltaMugi zerbitzuak hamar urte beteko ditu aurten. Gaur egun 138 erabiltzaile daude izena emanda, eta askotariko jarduerak dituzte aukeran. Zerbitzuak, baina, ateak zabalik ditu, eta joan den astean Basotxoko erretiratuekin izan zen AtxabaltaMugiko orientatzaile Pello Uriarte oñatiarra, jarduera guztien berri emateko, zalantzak argitzeko eta izena ematera animatzeko.

Bakarkako arreta

Zerbitzuaren ardura Athlonek du hasiera-hasieratik eta Uriarterekin batera Iñigo Agirre dabil orientatzaile lanetan, otsailean hasi berri azken hura. Ibarra kiroldegian dute topalekua eguaztenetan –goizez eta arratsaldez– eta eguenetan –arratsaldez–, eta hamabostean behin osasun zentroan ere egoten dira. "Osakidetzako kideek beharren bat duten pazienteak identifikatzen dituzte, eta, haiendako jarduera fisikoa onuragarria dela ikusiz gero, guregana bideratu", azaldu du Uriartek. Banakako arreta eskatu gura izanez gero AtxabaltaMugira jo behar da: telefonoz deituta 662 62 38 30 edo mezu bat bidalita, atxabaltamugi@gmail.com.

Taldeak abian

Erretiratuei eta adinekoei emandako azalpenetan indarra, erresistentzia, mugikortasuna eta luzaketak lantzearen garrantzia azpimarratu zien, eta horiek dakartzaten onurak zehaztu. Hain zuzen, horretarako zein zerbitzu dituzten abian gogorarazi zien. Gidatutako jardueren artean daude yoga eta KOI –koordinazioa, oreka eta indarra– taldeak, batetik, eta Sasoian gimnasia –zailtasun baxuko gimnasia–, bestetik; kiroldegian ematen dira horiek, baina nahiko beteta daude –kiroldegiko jarduerak ordaindu egin behar dira–. Horiez gain, iaz irteera osasuntsuak eta nordikoak ere egin zituzten, gidari batek lagunduta.

Jarduera berriak

Jarduera berriak lantzeko interesa agertu zuten erretiratuek, eta, horregatik, hain zuzen ere, bi proposamen egin zizkien Jokin Antxiak, Basotxoko presidenteak, AtxabaltaMugirekin adostuta: batetik, gimnasia saioak egitea Karmele Igartua aretoan goizetan, indarra eta oreka lantzeko, esaterako; eta, bestetik, oinezko irteerentzat egutegi bat zehaztea, paseatzera joateko taldean hilabetean behin, adibidez. 

Asmoa da martxotik aurrera antolatzen hastea horiek, eta interesa dutenek Basotxora jo behar dute izena ematera.

"Bakoitzari programa bat zehazten diogu"

Pello UriarteAthloneko  kidea eta AtxabaltaMugiko orientatzailea–

Hamar urte beteko ditu zerbitzuak; gustura?

Gorputza mugimenduan izateak dituen onurak ikaragarriak dira, eta horretan lagunduko duen doako zerbitzu bat izatea, ezinbestekoa.

Zeini bideratua dago?

Edozein herritarri; gehienak erretiratuak dira, baina nerabeekin ere badihardugu.

Non egoten zarete?

Kiroldegian asteazkenetan 09:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara eta ostegunetan arratsaldez. Hamabostean behin osasun zentroan ere egoten gara.

Zelan egiten duzue lan?

Hasierako balorazioa egiten da lehenengo, eta gero, pertsona horren beharretara egokitutako programa zehazten da: praktikoa banaka edo taldean, etxerako pautak… Eta gero, jarraipena egiten zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak