Azkar okertu zaion partidua ondo zuzendu du UDAk (3-2)

Xabier Urtzelai 2026ko otsailaren 14a

UDAko gaurko goleatzaile Lucas eta Artolazabal, Leioako kontrarioari adi.

Aretxabaletak 3-2 irabazi dio bigarren zati osoa hamar jokalarirekin jokatu duen Leioari, eta mailari eusteko behar diren 40 puntuetara gerturatzeko aurrerapauso garrantzitsua eman dute Calzonen mutilek. Lucas (1) eta Artolazabal (2) izan dira etxekoen goleatzaileak. Ez dago bihar aratusteak ondo ospatzeko modu hoberik.

Gauzak azkar okertu zaizkio Aretxabaletari Leioaren kontrako partiduan, zaleak oraindik eserlekuetan lekua hartzen ari zirenean aurreratu dira eta bizkaitarrak, Ibarrako erlojuak 3. minutua erakusten zuen Gorka Garaik bizkaitarren alde 0-1ekoa egin duenean. Hurrengo minutuetan bi taldeak berdegunean zein gailentzen zen ikusteko lehian izan dira, eta Aretxabaleta lehia hori irabazten ari zenean etorri da Leioakoen 0-2koa. Zigor handiegia berdegunean gertatzen ari zenerako, Aretxabaleta ez zebilelako txarto, Leioa bere zelai erdian sartuta zeukatelako, baina kanpotarrek izan duten guztia aprobetxatu dute partidua UDAri maldan gora jartzeko; ate aurrean erraztasun handia erakutsi dute gola egiteko.

Bazirudien egoera hori zuzentzea zail izan behar zuela Calzonen taldeak, kontuan hartuta Leioa kategoriako oilarretako bat dela, baina etxekoek ez dute amore eman eta markagailua iraultzea posible zela sinistu dute. Lehenengo zatian oso aukera politak izan dituzte, Leioaren atezain Peio Mendizabalek ere etxekoen aukera garbiren bat zapuztu du, baina 41. minutuan etorri da egindako lanaren saria, Lucasek hegaletik sartuta etxekoen aldeko gola egin du, eta markagailuko aldea txikitu (1-2). Eta, aretxabaletarrek izan duten hurrengo aukera garbian, ezker hegaletik egindako barneraketa bat geratzearren UDAko jokalari izandako Oier Diaz de Mendibilek bigarren txartel horia ikusi du, eta Leioa hamar jokalarirekin geratu da. Zaleek jokaldi horretan penaltia eskatu dute, baina epaileak falta areaz kanpo izan dela adierazi du. Aretxabaletarrek ez dute falta aprobetxatu, baina bigarren zatirako dezente zuzendu zaio norgehiagoka.

Bigarrenean, joko nahasia 

Bigarren zatian Leioak 45 minutu zituen markagailuko 2-1ekoari eusteko, eta saiatu dira horretan, Ibai Lasagabasterren eta Oxel Artolazabalen artean 53. minutuan 2-2koa egin dutenera arte. Bide horretan UDAk gertuago zuen garaipena, baina burua hotz mantentzeko momentuak ziren Leioak nahikoa zuelako baloi geldiko edozein jokaldi ostera ere min egiteko. Eta, akaso horretan egiten dute kale etxekoek, alegia, burua hotzago mantentzen eta komeni ez zen tokietan faltak ez egiten. Oso joko nahasia izan da minutu horietan, zoro samarra. Leioak izan dituen aldeko falta horiek etxekoek ondo defendatu dituzte, eta erasoan normala den moduan aretxabaletarrak gailentzen joan dira, Oxel Artolazabalek UDAko hirugarrena egin duenera arte. Alegia, garaipena eta 3 puntuak eman dizkien gola. "Bigarren gola berez Ibaiena da, kar, kar, baina bai, hirugarrena nik egin dut eta pozik gaude emaitzarekin. Halako garaipen batekin askoz ere hobeto ospatuko dugu biharko eguna", adierazi du atzelari aretxabaletarrak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak