Eguraldi euritsua aurreikusten den arren, domekarako gertu

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 12a

Iazko desfileko une bat.

Domekako Aratuste-eguna izango da Aretxabaletako jaien une gorena. Herritarrak azken ukituak ematen ari zaizkie mozorro eta karrozei, eta, eguraldi euritsua aurreikusten den arren, egitaraua adin guztietarako prest dago.

Aretxabaletarrek joan den zapatuan hasi zituzten Aratusteak, Txapel Txin eguna ospatuta. Hala ere, egun handia domekakoa izango da, eta, egunerako eguraldi iragarpenari arretaz begira, mozorroei eta karrozei azken ukituak ematen ari zaizkie herritarrak. Aurten, berezitasun moduan, Bazkari golfoa ez da egingo, eta, herri bazkari bakarrera mugatuta, kuadrilla askok elkarte gastronomikoetan, jatetxeetan zein alboko herrietan bazkalduko dute.

Txapel Txinekin hasita

Txapel Txin eguna ospatuta hasi zituzten Aratusteak Aretxabaletan. Goizean, txokolate-jana izan zen, jarraian umeen eta erraldoi ertainen kalejira, Txapel Txinen agerraldia eta karro-poteoa; arratsaldean, gaztetxoentzako bola-txapelketa, kale animazioa, dantzaldiak eta erromeria. Kultura zinegotzi Ibai Zangituk gogorarazi duenez, Txapel Txin eguna oso ondo ospatu zuten Aratusteei hasiera emateko: "Goizetik jende mordoa batu zen herrian, eta arratsaldean ere giro polita egon zen elektrotxarangarekin eta ondoren erromeriarekin. Domekarako harra pizteko osagai ederra izaten da eta aurten ere ez du Txapel Txinek hutsik egin".

Desfilerako gogoz

Domeka, berriz, ekintza askorekin dator, adin guztietarako prestaturik. Zangituk honela azaldu du: "Ohiko formatuarekin dator, eta gustu eta adin guztietara zuzenduta egongo da egitaraua. Herritarrek egiten dute jaiaren giroa, eta hori da haren indarra". Era berean, gogorarazi du mozorroak prest dituztela eta egunotan lokalean hamar bat kuadrilla lanean ari direla azken prestaketa lanetan.

Hain zuzen ere, 10:00etan hasiko da eguna, dianarekin, txistularien doinuekin. Ondoren, 11:45ean, Santa Ageda neska-mutilen txino dantza izango da, eta 12:00etan kuadrillen desfilea hasiko da. "Eguneko ikuskizuna da desfilea, eta ekitaldia ikusteko denak egoten dira deseatzen", nabarmendu du Zangituk.

Horren baitan, desfilea Goiena telebistan eta sarean Goiena.eus atarian zuzenean eskainiko da domekan, 11:45ean hasita.

13:00etan, berriz, kalejira hasiko da, Gesaltza txarangaren eskutik, eta 14:30ean herri bazkaria izango da Ibarra kiroldegian. Zangituk adierazi duenez, "Herri bazkarian 680 lagun batuko dira, eta beteta dago; gainontzekoek, batzuek elkarteetan eta jatetxeetan bazkalduko dute; beste batzuek Eskoriatzan ere bai". Arratsaldean festak jarraituko du beste hainbat ekintzarekin.

Aratuste-martitzenean, haurrentzako emanaldiak izango dira Kurtzebarrin, Herriko Plazan eta Iralabarrin. Arratsaldean, 18:00etan, buruhandiak eta Sutan txaranga irtengo dira, eta eguna 20:00etan amaituko da, Txin-en hiletarekin eta zezensuzkoarekin, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak