Hain zuzen ere, Jonen anaia Aitor eta haren arreba Izaskun plazara atera zituzten, eta aurreskua eskaini zieten. Ardura hori Aitorren seme-alaba Josuk eta Malenek hartu zuten, eta, txapela beltza lurrean utzita, euren osaba Jon gogoan izan zuten. Aitor Antxiaren esanetan, "sorpresa ederra eta momentu hunkigarria" izan zen.
Sorpresa hunkigarria
Aitor Antxiak dioenez, Santa Agedako dantzak ikustera joan ziren plazara, ezer susmatu gabe. "Malen dantzaria da, eta aurrez esan zigun jende asko zegoela agurra egin nahi zuena… zozketa egin zutela eta ez zirela hautatuak izan; eta Josu ez da dantzaria". Hala ere, plazan zeudela, zerbait arraroa sumatu zuen: "Azkenak zihoazen Malen eta segidan Josu; eta ohituran lehenengoak eta azkenak egiten dute desafioa eta agurra. Orduan konturatu nintzen zerbait prestatua zutela, baina ez nuen halakorik espero".
Une hunkigarriena orduan iritsi zela dio Antxiak. "Plazara atera gintuzten eta txapel beltza lurrean utzi zuten, anaia Jon gogorarazteko". Aitorren esanetan, emozioa bikoitza izan zen: "Malen dantzaria da, baina Josu ez; eta, kontxo, oso ondo egin zuen, gainera. Beraz, sorpresa bikoitza izan zen".
Aitorren seme-alabek ez dute osaba ezagutu, baina haren presentzia beti izan dute gertu. Hauxe dio Malen Antxiak: "Aitari eta izebari omenaldia egitea adostuta, eta nola egin pentsatzen ari ginela, amarekin berba egin nuen, eta txapel beltza jartzea erabaki genuen; Santa Ageda bezperan baserrietan aritzen ziren kantu eskean txapel beltzarekin, eta, egun hartan hil zenez gure osaba Jon, horrela egitea erabaki genuen".
Gertakari hura presente
Egun hauek bereziak izaten dira antxiatarrenean. Izan ere, duela 33 urte Santa Ageda egunean hil zen Jon –hemen jaso zuen Aretxagazeta aldizkariak–. "Garai hartan ohitura zen Santa Ageda bezperan Eskoriatzara joatea; han Aretxabaletako eta Eskoriatzako kintoek elkarrekin parranda egiten zuten, eta handik Aretxabaletarako bidean auto batek harrapatu zuen. Gertakaria izan zenean, kintoekin hitz egin genuen. Gurekin egon ziren; hasieran esan zuten ez zutela dantzarik egingo, baina guk animatuta egin zuten. Plazan, Jonen txanda zenean, txapel beltza lurrean jarri zuten, eta denek banakoa egin zuten. Aurten, nire seme-alabek ere une hartan bezala egin dute dantza", dio Aitor Antxiak.

33 urte igaro dira Jon Antxia hil zenetik, baina lagunek ez dutela Jon ahaztu nabarmendu du Aitor Antxiak: "Urtero, haren egunean, hiru kuadrillatako lagunak elkartzen dira. Urteak otsailaren 22an betetzen zituen, eta asteburua bada Anbotora joaten dira, Anboto deitzen ziotelako. UDAn jokatzen zuten, eta, dirudienez, baloiari gogor jotzen zion, eta hortik ezizena… Hainbeste urteren ostean hura gogoan izateak eta hura oroitzeko batzeak agerian uzten du maitatua zela".