Lege-aholkularitza espezializatua eskainiko da 16 urtetik gorako emakume eta queerrentzat. Izaro Aizpuruak, Udaleko berdintasun teknikariak, zerbitzuaren helburuak zeintzuk diren zehaztu ditu: "Diskriminazio, babesgabetasun eta indarkeria egoeratan dauden pertsonei laguntza ematea. Gatazka egoeratan aurrera egiteko informazioa ematea da helburu nagusia, nolabait, erabakiak hartzerako orduan informazioan oinarritutakoak izan daitezen. Hala, autonomia eta ahalduntzea sustatu gura dira".
Askotariko gaiak argitzeko
Honako gaien inguruan kontsultak egin ahal izango dira: Familia Zuzenbidea, Lan Zuzenbidea, Indarkeria Matxista, Espetxe eta Zigor Zuzenbidea, adineko pertsonak (erretiroa, pentsioa eta alarguntasuna), LGTBIAQ+ pertsonak, izapideak egiteko aholkularitza juridikoa eta generoagatik egokitzat jotzen den beste edozein gai.
Izan ere, ahalik eta esparru zabalena jaso gura dute: "Lan arloari dagokionez, esaterako, diskriminazio egoerak, kaleratzeak, jazarpena… Zaintzaile profesionalen eskubideak eta horien kezkak ere argituko dira eta herritarrek zaintzaile profesional bat kontratatu nahi dutenean nola jokatu ere galdetu dezakete". Familia kontuak ere argituko dituzte: "Banaketak, dibortzioak, haurrak erdian daudenean sor daitezkeen tira-birak… Baita indarkeria matxista egoerak ere: horiek identifikatzen laguntzea da asmoa, baita prozesu judizial baten daudenei eta dagoeneko abokatu bat dutenei kontrasterako laguntza ematea ere". Eta arlo zibil eta penaleko gaiak ere landuko dituzte: "Bereziki gatazka egoeran daudenendako zerbitzua izango da, edozein fasetan egonda ere. Eta gatazkarik izan ez arren zalantzak argitzeko zerbitzu bat ere izango da".
Aurrez aurreko arreta
Zerbitzua konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua izango da: "Erabiltzaile bakoitzaren kasua aztertuko da. Une horretan dituen eskubideak zehazteko eta irtenbide edo aukerak jakinarazteko". Arreta aurrez aurrekoa izango da, Txoko Feministan bertan eta Kistiñe Lujanbio Galdeano eta Ane Iturbe Mujika abokatuek emango dute: "Halako zerbitzuetan eskarmentua dute biek ala biek". Ezinbestekoa izango da hitzordua aldez aurretik eskatzea.
Hilean behin eskainiko da, martitzenetan, otsailetik abendura bitartean (abuztuan izan ezik) eta honako egunetan: otsailak 17, martxoak 10, apirilak 14, maiatzak 12, ekainak 9, uztailak 14, irailak 8, urriak 13, azaroak 10 eta abenduak 15. Eta ordutegia honakoa izango da: 13:00etatik 15:00etara (Kistiñe Lujanbio Galdeano) eta 16:00etatik 18:00etara (Ane Iturbe Mujika).
Hitzordu bakoitzak ordubete iraungo du gehienez, eta aldez aurretik eskatu beharko da Berdintasun Sailarekin harremanetan jarrita: emailez (berdintasuna@aretxabaleta.eus) edo telefonoz (943 711 862).
Herritarrak gonbidatu dituzte zerbitzua erabiltzera: "Aukera polita da informazioa eskuratzeko, hortaz, lotsa barik etorri".
Beharra atzemanda
Txoko Feministaren diseinu prozesuan atzemandako behar bati erantzunez abiatuko dute zerbitzua. Hala azaldu du Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchezek: "2024an abiatu genuen txoko feministaren prozesua baina horren aurretik zetorren kontua eta eragileen artean behin baino gehiagotan agertutako beharra zen. Hortaz, Txoko Feminista zerbitzuekin hornitu bai, baina zein zerbitzurekin? Galdetu genuen eta lehentasuna eman diogu honi, beharrezkotzat jota. Berdintasun Planean ere jasota dago".