Gizon bat atxilotu dute Aretxabaletan, 700 gramo marihuanarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 8a

Ertzaintzak konfiskatutako kaxa. (Argazkia: Ertzaintza).

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten eguenean, droga-trafikoaren delitua leporatuta. "Atxilotuak 700 gramo marihuana-kukulu zeramatzan autoan, kaxa baten barruan. Gainera, positibo eman du droga-testean", azaldu du Ertzaintzak.

Eguen gauean, Aretxabaletan herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bat eta, haien esanetan, auto bat noraezean zebilen. Agenteek ibilgailua geldiarazi eta gidaria, bakarrik zihoana, identifikatu zuten. "Auto barruan marihuana-usain handia zegoen, eta atzeko aldean, kaxa baten barruan, 700 gramo marihuana-kukulu zeuden", azaldu dute. Miaketan kokaina-dosi bat eta bi labana ere aurkitu dituzte, eta konfiskatu egin dituzte.

"Ebidentzia horien aurrean", ertzainek gizona atxilotu zuten, droga-trafikoaren delitua leporatuta. Egindako droga-testean positibo eman du, eta ikertu gisa eginbideak ere ireki dizkiote, "bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik".

Espainiar nazionalitateko 31 urteko gizona da atxilotua, eta epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitu ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak