Formakuntza lehenetsiz, etxebizitza eta errolda giltzarri direla dio Caritasek

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 6a

Herritarrak Aretxabaletako Durana kalean.

Aretxabaletako Caritasek 2025eko aktibitateen laburpena aurkeztuta, ohartarazi du egoera gero eta larriagoa dela, eta azken urteetako bilakaerak ez duela hobera egin.

2025ean Aretxabaletako Caritasek 50 pertsona heldu artatu ditu –33 emakume eta hamazazpi gizon–, eta hamar amabakar hamabost seme-alabekin; zazpi bikote hamabost seme-alabekin. 87 pertsona, ume eta guzti. Boluntarioek azaldu dute dirutan iaz antzera daudela –9.600 euroko defizita izan du 2025ean–, baina nabarmendu dute gero eta jende berri gehiago joaten dela laguntza eske, eta horrek arreta gaitasuna muga egoeran jartzen duela.

Herriko Plazako parrokiako lokalean egiten du Caritasek arreta lana, eta gaur egun bi boluntario aritzen dira bertan, astero: Oier Etxeberria eta Carla Sanchez. Astean behin biltzen dira, datozenei arreta emateko, eta eurekin batera tarteka laguntza ematera joaten direnak ere badaude. Oier Etxeberriaren esanetan, hilean hamasei lagun artatzeko gaitasuna dute, baina, denei ezin lagundu daude. "Jende asko ari gara artatzen eta hilabete askotan, hamasei lagun baino gehiagori ari gara laguntzen, esfortzua eginda. Diru sarrerak irteerak baino gutxiago ditugu, eta aurrez batutako kentzen ari garenez, zaindu egin behar ditugu gure laguntzak".

Errolda gabe, egoera zailagoa

Artatutako pertsonen arazo nagusien artean diru-sarrerarik eza, lan-prekarietatea, erroldarik eza eta etxebizitzaren arazoa daudela dio Etxeberriak. "Pertsona askok ordu gutxiko lanak baino ez dituzte edo ez dute inolako diru-sarrerarik, eta horrek bizi-baldintzak oso ezegonkor bihurtzen ditu. Gainera, azken urteetan erroldarik gabeko pertsonen kopurua handitzen ari da; ofizialki hiru kasu ezagutzen dituzten arren, gehiago ere badirela uste dugu. Geroz eta ohikoagoa da errolda gabekoak Caritasera etortzea". Egoera horrek zuzenean oztopatzen du gizarte-laguntzetara, osasun zerbitzuetara eta etxebizitza duina lortzera iristea.

Laguntza bideak

Caritas Aretxabaletarekin bat eginez, herritarrek ere lagundu dezakete proiektuan. Hala, hainbat aukera dituzte ekarpena egiteko: Bizum bidez, 13329 zenbakira dohaintza eginez; banku transferentzia bidez: Laboral Kutxa (3035 0002 19 0020021045) edo Kutxabank (2095 5024 99 1075354588). Informazio gehiago jasotzeko, caritas. aretxabaleta@gmail.com helbidera idatzi edo 688 76 80 84 telefono zenbakira deitu daiteke.

Formazioa ardatz Testuinguru zail horren harira, Caritasen lanaren ardatz nagusietako bat beharra dutenak formaziora bideratzea da. Elkarteak laguntza jasotzen duten pertsonei etorkizun hobea eraikitzeko tresnak ematen dizkie, eta, horregatik, ikasketa bideak sustatzen ditu. Gaur egun, hamazazpi pertsona ari dira ikasten, eta Debagoieneko Caritasen Bidean gizarteratze zentro okupazionaletik hiru pertsona pasatu dira. Esperientzia horietako batek lan finkoa lortu du, eta formakuntzak lan-merkaturako ateak irekitzen dituela erakusten du horrek. Caritasen baldintzetako bat izaten da hizkuntza ikastea edo Lanbide Heziketa, batxilergo ondorengo ikasketak edo antzeko prestakuntza ibilbide bat egitea, eta, boluntarioek diotenez, laguntza jasotzen dutenek norabide hori bereziki baloratzen dute.

"Etorkizun hobe batera bideratzen ditugu, ahal den heinean, eta, bost urtetik gorako ibilbidea egin dugu formazioa ardatz; fruitu polita ematen du. Jendeak badu sakrifikatzeko gaitasuna, eta, titulazioekin, etorkizun hobeagoak eraikitzen dituzte, portzentaje handi batean. Gero, badaude zailtasun gehiago dituztenak integrazio bide horretan", Horrekin lotura, Caritaseko arduradunek azpimarratu dute errolda eta etxebizitza arazoak konpontzea direla erronka nagusiak. "Formazioan ematen dituzten baliabideak onak dira, baina erroldarik eta etxebizitzarik gabe oso zaila da aurrera egitea", azaldu du Etxeberriak. Gaineratu du bereziki konplexua dela egoera paperik gabeko pertsonen kasuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak