Aretxabaletako plazatik udaletxe ondoko parkera bidean egin du uda honetan Senegalera joateko plana Ibrahima Sarr Ibu-k (Dakar, Senegal, 1987) lagun batekin.
Udan Senegalera joateko planak egin dituzu oraintxe lagunekin.
Bai. Joan den urtean joan nintzen hara, Debagoieneko zazpi bat lagunekin, eta abuztu honetarako jende gehiago batu da.
Nolakoa zen zure bizitza hona etorri aurretik?
Kide askoko familia gara. Beti arazoak egon izan dira etxean; ekonomikoak eta bestelakoak. Eskolara joan nintzen, baina oso gutxi. Idazten eta irakurtzen dakit. Lanean aritu nintzen, mekanikari, 13-14 urterekin. Nekazaritzan ere jardun dut. Han bi seme dauzkat. Normalean, gizonezkoak joaten dira lanera, eta dirurik ez baduzu arazoak dituzu.
Eta Dakar?
Hiriburua da, baina ez da oso handia. Guztiak hara joaten dira. Guediawaye izeneko herrian bizi nintzen.
Zergatik utzi zenuen Senegal?
Bizitza hobea lortzeko. Ezin nien etxekoei lagundu. Etxean ere arazoak nituen.
Zer-nolako bidaia izan zen?
Mauritaniara joan nintzen, handik Sahara pasata Marokora. Casablancatik Tangerrera. Hainbaten artean zodiak bat erosten duzu. Lehenengo aldian engainatu egin gintuzten. Ordaindu, eta diruarekin alde egin zuten. Gero, bi alditan Marokoko poliziak harrapatu gintuen. Mugan harrapatzen bazaituzte, Aljerian uzten zaituzte. Erabaki behar duzu etxera edo Tangerrera itzuli. Hirugarren saiakeran, salbamendu humanitarioko ontzi batek jaso gintuen, eta Andaluziako portuan utzi. Ez dut gogoan herriaren izena.
"Ez dakizu nora zoazen, noiz iritsiko zaren eta familia berriro ikusiko duzun"
Gogorrena zer izan zen?
Mauritaniatik Sahara pasatu eta Marokora heltzen 15 egun baino gehiago behar izan genituen. Zodiakean ordu batzuk eman genituen. 11 lagun ginen. Lau kilometroko bidaia izango zen, baina motorrik gabeko ontzi batean. Egur batekin egin behar genuen arraun.
Motxilan zer sartu?
Ez zoaz hotel batera. Bi arropa, jaka eta jertse bana eta aurrera. Ez dakizu nora zoazen, noiz iritsiko zaren eta familia berriro ikusiko ote duzun.
Andaluziara iritsita zer?
Guardia Zibilaren esku geratu ginen. Esaten dizute delitua dela beste herrialde batean sartzea baimenik gabe. Epaitueta kartzelan egon nintzen hilabetez. Hilabete pasata, Espainian familia baduzu, zure bila etortzen dira. Gurutze Gorriak ere laguntzen dizu. Valentzian nuen ezagun bati deitu nion, eta haren etxera iristean, ez zidan telefonoa hartzen. Almerian bizi zen lagun batengana joan nintzen. Han hilabete batzuk pasata, Durangora, eta handik Aretxabaletara. Sei urte daramatzat hemen. Saltzaile ibiltari ibili naiz, tabernan lanean, eta ikasketak ere egin ditut. Orain, Eskoriatzan egiten dut lan.
Imajinatzen zenuen bezalako bizitza daukazu?
Kontatzen dizutena gauza bat da, eta bizitzen duzuna beste kontu bat. Nire herrialdetik atera nintzenetik oso gauza gogorrak bizi izan ditut. Orain hobeto nago, lasaiago. Lana daukat, eta paperak.
Psikologikoki ondo prestatuta egon beharko da.
Ez dakit nire kasua den; kar-kar. "Dagoena da, eta kito", pentsatu behar duzu. Zure herrialdetik atera zara eta beti zerbait berria biziko duzu. Berdin du gogorra edo erraza izan. Beti ikasiko duzu zerbait. Ezin duzu ahula izan, gauza asko esaten dizkizutelako. Errespetu falta egoten da.
Arrazakeriarik jasan duzu?
Bai; Almerian, adibidez, pila bat. Valentzian ere bai. Hemen badago, baina gutxiago. Integratuago sentitzen naiz hemen, gehiago errespetatzen naute; bat gehiago naiz.
Zer gustatzen zaizu Aretxabaletik?
Jendea oso jatorra da, eta oso lasai nago hemen-
Hango ohiturak mantentzen dituzu?
Janaria, adibidez. Azkenean, ordea, hemengo jatekoa prestatzen dut. Hango elikagaiak ezberdinak dira, eta ezberdin geratzen da.
Zer igartzen duzu faltan?
Nire semeak eta ingurua. Hemen ondo dago, baina triste. Kalean ondo egoten naiz bertakoekin, baina gero, bakoitza bere etxera doa, familiarengana. Ni etxera joan eta bakarrik nago. Telebista, Internet eta mugikorra ditut, baina buruari buelta asko ematen dizkiot. Aurrezten badut, itzuliko naiz semeengana. Ez naute ezagutzen. 7 eta 8 urte dituzte. Sei urte egon naiz haiekin egon barik. Iaz egon ginen. Aitarekin haurtzaroan arazoak izan ditut, eta ez dut nahi nire semeekin gauza bera gertatzerik.
Euskaraz eta euskaldunez
Sei urte daramatza Aretxabaletan Ibu-k, eta "oso lasai" bizi dela eta aretxabaletarrek"ondo" hartu dutela azaldu du. Mendia gustuko du; bereziki, Anboto. Euskaraz "apur bat" dakiela aitortu du, "oinarrizkoa", baina euskaraz egiten dionari ulertzen dio. Badakizki zenbait hitz eta esaldi, eta, elkarrizketa hasi baino lehenago, aurreneko hitzak euskaraz egin ditu elkarrizketatzailearekin: "Ulertzen dut, baina nik hitz egitea beste kontu bat da. Eman nuen izena euskaraz ikasteko, baina lanagatik eta gidabaimena atera nahi dudalako ez daukat astirik. Euskara ikasketak geldirik dauzkat". Dena den, ahal duenean berrartuko du.
Euskaldunei buruz
Euskaldunak langileak direla dio, eta Euskal Herrian integratuago sentitzen dela; egon den beste leku batzuetan baino errespetatuago. Errespetua izan zen hona etorri eta harrituta geratu zen gauzetako bat: "Hemen errespetuak asko agintzen du beste leku batzuekin alderatuta. Batzuetan, gehiegikeriak esaten dituzte, baina ez da beste leku batzuetan bezala".