Bederatzi gol ez dira normalean partidu berean ikusten. Bada, Ibarra hurbildu diren 600dik gora zaleek horiek guztiak ikusi dituzte, eta ondo sufrituta itzuli dira etxera.
Harmailetako zaleak lehiari ia neurria hartu barik zeudenean heldu da Añorgaren gola. Ia zelai erditik egindako jaurtiketa bati esker aurreratu dira markagailuan. Taldea puntu beharrean dago, sailkapenaren azken lekuetatik ihes egiteko; eta lehen golaren ospakizunean nabaritu da hori: biziki ospatu dute.
Buelta markagailuari
Golaren ostean, minutu batzuetan, nahiko nahastuta egon dira etxekoak; baina, gai izan dira berdinketa lortzeko 33. minutuan, Ander Urretaren golari esker. Are gehiago, aurretik ipini da UDA bigarren zatia hasi eta berehala. Josu Aizpuruak egin du bigarrena, 50. minutuan. Hamar minutu geroago, 60.ean, heldu da hirugarrena Ekain Igalderen eskutik; eta lehia amaitu baino bederatzi minutu lehenago, Manex Ibarrondoren laugarrena.
4-1ekoarekin lehia erabakita zegoela zirudien,baina, ordurako, jokoa asko gogortu zen, bi taldeen sarrera itsusiekin. Are gehiago, Añorga jokalari bat gutxiagorekin zegoen zelaian. Orduan, heldu da Añorgaren aldeko penaltia (bigarren gola) eta hirugarren gola.
Luzapenean
Bigarren zatiaren azken ordu erdian askotan geratu da jokoa, sarrera gogorrengatik; eta epaileak bederatzi minutuko luzapena adierazi du. Añorgak aurrera egin du, indar guztiekin, berdinketaren bila; eta hori baliatu dute etxekoek, bi golekin, lehia erabakita uzteko.