Aretxabaletako Udalak aurretiazko kontsulta publikoa jarri du martxan beheko solairuetako lokaletan etxebizitzak ezartzea arautzen duen udal ordenantza berritzeko, indarrean ez dagoen ordenantza eguneratu eta etxebizitza merkatuaren egungo errealitatera egokitzeko helburuarekin.
Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna areagotzen ari denez, gero eta udal gehiago ari dira etxebizitza merkatu tentsionatuko eremu izendapena izapidetzen. Aretxabaleta ere ez da egoera horretatik kanpo geratzen, eta, horren harira, Udalak beharrezkotzat jotzen du tresna arauemaileak berraktibatzea eta eguneratzea, dagoen eraikin-parkeak eskaintzen dituen aukerak modu ordenatuan aprobetxatzeko eta hirigintza ikuspuntutik eta teknikoki bideragarriak diren tokietan etxebizitza berriak sortzen laguntzeko.
Ordenantza eguneratzea
Aretxabaletak ordenantza bat izan arren, indarraldia amaituta, beharrezkoa da testu berri eguneratu bat idaztea, egungo beharrei erantzungo diena eta argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa emango duena. Hala, etorkizuneko ordenantzaren ardatzetako bat izango da jarduera ekonomikoak garatzeko egokiak ez diren beheko solairuetako lokalak zehaztasun handiagoz identifikatzea, eta beren ezaugarriengatik etxebizitza erabilerara bidera daitezkeenak zehaztea. Era berean, espazio horiek egokitzeko baldintzak zehaztasun handiagoz arautu nahi dira, bizigarritasunari, irisgarritasunari, baldintza teknikoei eta etxebizitzaren kalitateari buruzko irizpide argiak ezarriz, betiere indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz. Helburua da erabilera erresidentziala hiri-eredu orekatu batekin bateratzea, eraldaketak kalitatezko eta hiri-kohesiozko irizpideekin egiten direla bermatuz.
Kontsulta publikoa
Ordenantza berria idatzi aurretik, Udalak kontsulta publiko bat ireki du, herritarren ekarpenak, iradokizunak eta proposamenak jasotzeko, baita eraginpean egon daitezkeen edo interesa izan dezaketen pertsona eta kolektiboenak ere. "Eraikita dauden etxebizitzetan egin daitezkeen aukerak aprobetxatzea ere garrantzitsua dela uste dugu. Orain, herritarrei planteamenduak egiteko eskatzen diegu, proposamenak egin ditzatela. Herritarrek non bultzatuko luketen etxebizitzak egitea aztertzea da helburua, alde batetik; eta, bestetik, ordenantzak alderdi praktikoagoak arautzen ditu; leihoak zabal daitezkeen edo ez, adibidez. Horiek guztiak ere kontuan hartu beharko dira ordenantza idazteko orduan", adierazi du Ion Albizuk, Aretxabaletako Udaleko Hirigintza zinegotziak.
Ekarpenak urtarrilaren 23tik otsailaren 23ra bitartean egin ahal izango dira, honako bide hauen bidez: hirigintza@aretxabaleta.eus helbidean, udal erregistro digitalean edo udal erregistro presentzial bidez.