Kintoek, abesbatzakoek eta erretiratuek sano dituzte eztarriak Santa Agedari abesteko

Mirari Altube Arrese 2026ko urtarrilaren 30a

2007an jaiotako hainbat gazte, joan den zapatuan, entseatzen hasi aurretik.

Santa Agedaren omenezko koplak ikasten eta dantzak entseatzen dihardute 2007an jaiotako neska-mutilek azken asteetan. 96 inguru dira, eta denak ez, baina horietako asko elkartu dira egubakoitzetan eta zapatuetan Iturrigorri pilotalekuan. Azken entsegua bihar, zapatua, egingo dute, txistulariekin batera.

Ohiturari eutsita, otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera, auzorik auzo eta baserririk baserri joango dira kantuan eta eskean, eta hurrengo egunean, kalerik kale; iluntzean, 19:00etan, aurtengo lehen dantza saioa egingo dute, Herriko Plazan, eta ondoren beste bi egunetan elkartuko dira horretarako: otsailaren 8an eta 15ean. "Ohituraren nondik norako guztiak ezagutzeko eta horri dagokion moduan eusteko bilera bat izan genuen hainbat herritarrekin eta txistulari taldeko kide batzuekin", adierazi dute kintoek. Eta horretan saiatuko dira.

Abesbatza eta Basotxokoak ere bai

Kintoak ez dira izango kopla kantuan ibiliko diren bakarrak. Aretxabaleta Abesbatza ere irtengo da eguaztenean. Plazan elkartuko dira, 18:15ean, eta GSR egoitzara joango dira. Handik bueltan udaletxearen aurrealdean abestu, eta plazan bukatuko dute ibilbidea. Basotxoko abestaldeak ere egingo du kantuan, ordu berean hasita. Uretzetik abiatuko dira eta bertan bukatuko dute, mokadutxo bat janda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak