Urtero, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzia fakultatean, Ikus Entzunezko Komunikazioa ikasten duten 4. mailako ikasle talde batek antolatzen du Huhezinema jaialdia, eta, jaialdi horren 19. edizioa ospatu da egunotan Arkupe Kultur Etxean. Sail Ofizialeko, Ikasleen Saileko eta Bideoklip Saileko lanak proiektatu dituzte bertan, eta, atzokoan, itxiera eman zioten jaialdiari, sari banaketa ekitaldiarekin.
'Eraman Zutela' filmak, sari bikoitza
Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdiren Eraman Zutela film laburra izan zen sari banaketako protagonista nagusia. Gerra Zibilean fusilatuak izan ziren Jesus Bujanda eta Martzelo Lasa olaberritarren historia kontatzen du filmak, eta, Aretxabaletako alkatearen eskutik jaso zuen Sail Ofizialeko Huhezinema saria. Sari nagusiaz gain, ikusleen saria ere eraman zuen filmak; Andrea Saenz Pereirok, Kepa Errastik eta Alberto Gastesik osatutako epaimahaiaren erabakia, berretsi egin zuen beraz publikoak. "Inoizko kalitate onena ikusi dugu aurkeztu diren ikus entzunezkoetan, eta, aurtengo kartelera ikusita, ez genuen batere espero irabaztea, modu xume batean ekoiztu dugun ikus entzunezko bat delako", esan zuen Mikel Balerdik saria jaso ostean. "Geure gunea delako etorri gara hona; gu ere Mondragon Unibertsitatetik irten garelako. Plazer bat da guretzat memoria lantzeko lanei behar duten lekua ematen zaiela ikustea", zioen Deñe Garcia-Bravok.
Sari ugari
Sail Ofizialekoak ez ziren banatutako sari bakarrak izan. Alde batetik, Ikasleen Sailean, beste hiru sari banatu zituzten: Ikasle saria, ikusle saria eta MU ikasle lan onenaren saria. Ikasle Saileko sari nagusia, Eire Mayaren Zeharkatzen gaituena film laburrak eraman zuen. Ikusleen saria, Ainhize Landaren GR 31 laburmetraiak jaso zuen, eta, MU ikasle lan onenaren saria, berriz, Aner Olaizolaren Harrigorena-k. Bideoklip Sailean, Ximon Agirre eta Alex Perezen Emoie izan zen onena; ikusleek, Danel Ezpeleta eta Aner Olaizolaren Saiatu bideoklipa saritu zuten. Azkenik, bi sari berezi ere banatu zituzten; Berria saria, Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino-k jaso zuen, eta, Hogei4 saria, Aitor Abioren Dicen que tu padre film laburrak.
Epaimahiko kide izan den, Alberto Gastesik nabarmendu zuten "ez dela erabaki erraza" izan irabazleak aukeratzea, izan ere, "laburmetrai bat egiten duen oro delako irabazlea". Prozesuan "disfrutatu" duela ere aitortu du. Gastesi bera ere Huhezinema jaialdian parte hartutakoa da, eta, bere ustez, "Euskal Herriko jaialdi mitikoenetako bat" bilakatu da dagoeneko.
Balorazio "positiboa"
Antolakuntza taldean ibili den Unai Cantabranak "gustura eta pozik" amaitu zuela adierazi zuen: "Niretzat egun gogorrena atzo izan zen, kontzertua ere eman nuelako hemen. Txikia ematen du jaialdiak baina sekulako lana du atzetik, eta pozik gaude denok, ekitaldia orokorrean oso ondo irten delako". Gainera, Cantabranarena da Bideoklip sailean, ikusleek saritutako Saiatu abestia, eta horrekin ere gustura azaldu zen: "Danel eta Anerren saria da, euren enpresa Ziaboga da, eta eskerrik asko biei nirekin batera egindako lanagatik".