Gazte gara gazte

Julen Martinez: "Haur bati bere garapenean aurrera egiteko tresnak ematea izugarria da"

Julen Murua Mesonero 2026ko urtarrilaren 23a

Julen Martinez, lasterketa baten.

Lehenengo Hezkuntzan graduatu, Jarduera Fisikoaren eta Zientzien (JFKZ) gradua egin, eta orain Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko praktikaldia amaitzear dago Julen Martinez Jausoro (Aretxabaleta, 2002). Txikitatik izan du begiz jota irakaskuntzaren mundua, eta hori kirolarekin uztartzea da haren etorkizuneko asmoa. Kirolzale amorratua izanik, prestatzaile fisiko lanetan hasi zen duela hiru hilabete.

Heziketa fisikoaren arloari eman zenion garrantzia unibertsitateko ikasketetan; ikasle garaian zure ikasgai gustukoena zen?

Bai, nahiz eta beste ikasgai batzuk ere asko gustatzen zitzaizkidan. Heziketa Fisikoko ikasgaia eguneko momenturik onena izaten zen. Lehen Hezkuntzako graduan nengoela argi ikusi nuen nire pasioa hori zela eta horretan sakondu nahi nuela.

Ostean, JFKZ graduan murgildu zinen.

Kirola guztiz presente dago nire bizitzan, baina kontzeptua aldatu egin dut. Orain, ariketa fisikoa egitera bideratzen dut nire indarra, ez horrenbeste kirol federatu edo lehiakorrera. Graduan ikasi dudan bezala, mugimendua osasunerako tresna gisa ulertzen dut.

Arlo didaktikoa ala entrenamenduaren arloa nahiago duzu?

Biek dute bere xarma. Txikitatik izan dut irakasle izateko grina; izan ere, irakaskuntzan, haur bati bere garapenean aurrera egiteko tresnak ematea izugarria da. Bestalde, entrenamenduak puntu tekniko eta exijente hori du, norbanakoaren muga fisikoak bilatzea, eta horrek asko motibatzen nau orain.

Futbolean ibilitakoa zara, baina orain beste kirol batzuetan ibiltzen zara, ezta?

18 urte bete arte ibili nintzen futbolean, baina azkenaldian, indar ariketak egiteaz gain, korrika egiten hasteari eman diot lehentasuna, joan den urtera arte ez bainuen hori asteroko ohitura bezala hartuta. Hori horrela, abenduan nire lehenengo maratoi erdia egitea lortu nuen, eta erronka polita izan zen niretzat.

Duela gutxi hasi zara prestatzaile fisiko lanetan; nolatan?

Duela hiru urte inguru izan nuen buruan ideia hori, baina ikasketak amaitu gabe nituenez eta besteek zer esango zuten beldur nintzenez, ez nintzen ausartu. Duela hiruzpalau hilabete, ordea, Hobebizi proiektua martxan jartzea erabaki nuen, Instagram bidez. Entrenatzaile pertsonal bezala dihardut hor, eta norbanakoari egokitutako plan eta jarraipen pertsonalizatuak egiten ditut. Nire helburua ariketa fisikoa eta osasuna maila guztietako pertsonengana hurbiltzea da: irtenbideak eskaintzea gantz-galera lortu nahi dutenentzat, denbora gutxi dutenentzat eta etxetik entrenatu nahi dutenentzat, besteak beste.

Asteon hasi berri dela aitzakia hartuta, inoiz pentsatu duzu Konkis bezalako telebista saio baten parte hartzea?

Egia esan, txikitatik ikusi izan dut Konkis saioa, eta beti izan dut barruan noraino heltzeko gai izango nintzatekeen jakiteko harra. Baina, aldi berean, badakit oso gogorra dela eta joatekotan oso ondo prestatu beharko nukeela; ez nuke edonola joan nahi. Oraintxe bertan ez da nire planen barruan sartzen.

Kirolaz gain, zer beste zaletasun duzu?

Kirolaz haratago, lagunekin eta familiarekin egoteak betetzen nau gehien. Asko gustatzen zait bidaiatzea; leku berriak ezagutzea eta errutinatik ateratzea ezinbestekoa zait deskonektatzeko. Horrez gain, azkenaldian sukaldean ere hasi naiz, baina zaletasun berria da niretzat.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amaren haragi gisatua.
Bidaiatzeko toki bat? Dolomitak.
Abesti bat? Coldplayren Viva la vida.
Bailarako mendi bat? Kurtzebarri.
Herriko festetatik zein? Aratusteak.
Aretxabaletako toki bat? Urkulu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak