Pausokatik Partzuergora pasatuko da 2 urte arteko umeendako zerbitzua Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2026ko urtarrilaren 23a

Pausoka Haur Eskolak kokalekua duen eraikina, Belorrieta auzunean.

Pausoka Haur Eskola kooperatibako hezitzaileak bere gain hartuko dituela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta Belorrieta auzunean dagoen oraingo eraikinean jarraituko dute ematen zerbitzua.

Pausoka Haur Eskola kooperatibak haur eskola zerbitzua izan du esleituta 1990etik Aretxabaletan. Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren finantzaketa jaso du urteotan, gurasoen kuotekin osatuta. Baina 2025-2026ko ikasturtea izango da Jaurlaritzaren finantzaketa jasoko duen azkena; izan ere, erakunde horrek erabaki zuen 2024an Udal Haurreskolen finantzaketa etetea, Partzuergoa eskaintzeko udalei.

Herriko egoera aztertzeko mahai bat osatu zuen Udalak honako ikastetxe hauetako ordezkariekin: Pausoka Haur Eskola, Kurtzebarri Eskola eta Arizmendi Ikastola. "Bi helburu izan ditu: Pausokako hezitzaileen lanpostuak mantentzea eta herrian 0 eta 2 adin tartean eskaintza bakarra mantentzea", azaldu du Garikoitz Iturbe alkateak. Eta guztien artean adostu dute Haurreskolen Partzuergoa eskaintzea Aretxabaletan, "Udalak ezin duelako finantzaketa bere gain hartu".

Eraikina, berbera

Finantzaketa Hezkuntza Sailaren ardura izan arren, eraikina bideratzea Udalari dagokio. Pausokaren kokaleku izan den eraikina Gizabidea Fundazioarena da; 2003an sinatutako hitzarmen bati esker, 35 urteko ibilbidearen zatirik handiena han egin du haur eskolak. Arizmendi Ikastola fundazio horrek osatutako patronatuko kide da eta Udalak deitutako mahaian egon da. Hala, akordio bat lortu dute guztien artean, zerbitzuak bertan jarrai dezan: "Partzuergoaren eskaintza Gizabidearena den eraikinean izango da 2026-2027ko ikasturtetik aurrera. Eta Arizmendi Ikastolak 2 urteko gela bertan izango du". Horretarako, eraikina egokitu egingo dute, "beste espazio bat" eraikita. 

Bestetik, Pausokako hezitzaileak Haurreskolen Partzuergoko lantaldean sartuko ditu Jaurlaritzak, subrogazio bidez. 

Alkatea pozik dago lortutakoarekin: "Bakoitzaren interesen gainetik, herriarenak gailendu dira. Udalak, ikastetxeek eta Gizabideak ikuspegi horrekin egin dugu lan. Akordio positiboa da Aretxabaletarentzat, eta etorkizunean hezkuntzak izango dituen erronkei erantzuteko oinarria eraikitzen laguntzen duela uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak