Aozaratza auzoko zubia 2007an eraiki zuten eta 2022tik egoera txarrean dagoela adierazi du Udalak. Horregatik hain zuzen ere, itxita egon da aspalditxoan "segurtasun kontuengatik". Hori horrela, irisgarritasuna bermatzeko beste egitura bat jartzea ezinbestekoa dela erabaki du Udalak: "Helburua da oinezkoentzako bide seguruagoa eskaintzea, gaur egungo errepide ondoko ibilbide alternatiboa saihestuz".
Prefabricados y Construcciones Modulares de Madera, S.L epresak egingo ditu lanak eta 2025eko ekainean sinatu zuen kontratua. Haren ardura izango dira: zubiaren proiektua idaztea, hornidura, instalazioa eta obra zuzendaritza. Eta horren guztiaren kostua da 84.000 euro –BEZ barne–.
Aste honetan bertan lanean hastea da asmoa eta 30 lan egunen buruan bukatzea.
Udaletik eskatu diete herritarrei obrek iraun bitartean arreta handiz ibiltzea eta seinaleak errespetatzea joan-etorriak egiterakoan inguru horretan.

