Urtero moduan, bola txapelketarekin hasiko dute Kanuto Deuna Eguneko parte-hartzaileek. 12:00etan hasiko da txapelketa, baina, 11:00etan irekiko dute bolatokia nahi duenarentzat.
13:30ean, Kanu-potea izango dute, eta Kanuto Deuna aldarean eramango dute alde-batetik bestera, kalamuaren legalizazioa eskatuz. Bide batez, Kanuto Deunarekin argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dute egunera batzen direnek.
Bazkaria, berriz, 15:00etan egingo dute Taberna Berri jatetxean, eta arratsaldean festak jarraituko du. Hain zuzen ere, 19:00etan, San Kanutoren kalejira egingo dute herriko kaleetatik zehar, eta, abiapuntua Txikibar taberna izango da.
Ondoren, kontzertuak eta DJ-ak egongo dira herriko zenbait tabernetan –Arlutz, Izotz, Kixkor, Ezkutu, Urbaltz eta Haizea–, eta, 00:00etan, berriz, trakarekin borobilduko dute eguna.