1988an jaioa Barakaldon, Barroso txikitan hainbat herritan bizi izan zen: Hondarribian bolada bat egin ostean, Urruñara joan zen bizi izatera. Bere burua urruñartzat du, eta han garatu du ibilbide artistiko eta kulturala. Euskal Filologian lizentziatua, bertsolaria ere bada, eta gaur egun Xilaban (Xiberu, Lapurdi eta Baxe Nafarroan) aritzen da, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei bertsolaritza irakasten eta bertso-eskolak ematen.
Horrez gain, rap munduan ere ezaguna da, 2ZIO taldeko kide gisa. Musikan zein hitzean sakontzen duen sortzailea da eta bere testuetan identitatea, hizkuntza, eguneroko bizipenak eta bestelako gogoetak jorratzen ditu. Aretxabaletako kontzertuan, ibilbide horren lagin bat eskainiko du, rap doinuen eta hitzaren indarra ardatz izango dituen emanaldian.