Aretxabaletako kiroldegia ere Mugiment kirol txartelera batu da

Mirari Altube Arrese 2026ko urtarrilaren 19a

Ibarra kiroldegiko abonatuek ekimenera batuta dauden 195 kirol instalaziotara –kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne– jo ahal izango dute Mugiment txartelarekin, gastu gehigarririk gabe.

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek bultzatutako programa bat da Mugiment, ariketa fisikoa egiteko kirol-instalazioen eskaintza zabaltzera bideratua. Aretxabaletako udalbatzak horrekin bat egitea erabaki zuen urrian, eta orain –behin Jaurlaritzak hori aktibatuta–, Ibarra kiroldegiko abonua duen edonork Euskadiko herri askotako instalakuntzatara jo ahal izango du. KirolTxartela Mugiment online aplikazioak programa horri atxikita dagoen udalerri bakoitzak eskaintzen dituen kirol-instalazioen, -ordutegien eta zerbitzuen gaineko informazio zehatza ematen du.

Txartela aktibatzeko pausoak

KirolTxartela Mugiment debalde da erabiltzaileentzat –Internetera konexioa duen telefono bat beharrezkoa da–. Hona hemen txartel hori erabiltzeko pausoak:

  • 1. Poltsikoko telefonoan KirolTxartela Mugiment instalatu.
  • 2. Erregistratu datu pertsonalak emanez, email helbidea eta NA zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
  • 3. Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, KirolTxartela Mugiment erabil daiteke.
  • 4. Kirol instalaziora sartzean, txartel birtuala eta NA erakutsi behar dira.
  • 5. Instalazioaren langileak sarrera erregistratuko du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.

Informazio gehiago nahi izanez gero: KirolTxartela Mugiment atarian eta Ibarra kiroldegian: 943 03 98 42.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak