Film laburrak baliatuta, zinemagintza gertutik ezagutzeko ekintza ugari

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko urtarrilaren 16a

Aurtengo Huhezinema jaialdiko antolatzaile-taldea, Mendifilm jaialdira egin zuten irteeran. Argazkia: Huhezinema.

Euskarazko film laburren eta bideoklipen lehiaketaz harago, zinemazale guztientzako aterpe gozagarria izango da hemeretzigarren Huhezinema jaialdia urtarrilaren 21etik 23ra bitartean; ekitaldi guztietarako sarrera dohainik da.

Istorio interesgarriak modu ikusgarrian kontatzeko aukera ematen dute film laburrek. Azken urteetan sorkuntza handia dago Euskal Herrian, nahiz eta zinema-aretoetako karteletan apenas iragartzen diren, eta jaialdiak izaten dira minutu gutxitan jasotako kontakizun horien erakusleiho. Helburu horrekin abiatu zuen Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Fakultateak –Aretxabaletako Udalaren laguntzarekin eta kolaboratzaile askoren babesarekin– Huhezinema, euskarazko film laburren jaialdia, eta datorren eguaztenean, urtarrilaren 21ean, hasi eta urtarrilaren 23ra bitartean egingo dute hemeretzigarren aldia.

"Erronka polita dela uste dugu, eta publikoaren erantzuna ikusteko irrikaz gaude"

Komunikazio graduko laugarren mailan Komunikazio Digi- tala ibilbidean ari diren hamazazpi ikaslek antolatu dute aurtengoa, Maialen Torres Lete eta Virginia Etxarri Ibanez irakasleen laguntzarekin, eta "gogotsu daude" jaialdia abiatzeko. "Urriaren 27an hasi ginen antolaketa lanetan. Hiru taldetan banatu ginen: Produkzioa, Programazioa eta Komunikazioa. Oso positiboak dira gure sentsazioak eta ilusio handiarekin gaude egindako lan guztia jendeari erakusteko gogoz. Taldeen arteko koordinazioa ona izan da, eta konfiantza ematen digu horrek jaialdia ondo aterako dela pentsatzeko. Berrikuntza asko ditugu; horien artean, goizeko ekitaldiak gure eraikineko Ideienea espazio berrian egingo ditugula, estreinakoz, eta, aldaketa horrek urduritasuna sortzen badigu ere, motibazioa eta jakin-mina ere pizten digu, aldi berean. Erronka polita dela uste dugu, eta publikoaren erantzuna ikusteko irrikaz gaude", diote antolaketa taldeko ikasleek.

Hiru sail eta askotariko sariak

Euskal Herrian izen handia hartu du Huhezinemak, eta, jasotako lan mordoen artean aukeraketa eginda, 67 lan erakutsiko dituzte, ohi moduan, hiru sailetan banatuta: Sail Ofiziala, Ikasleen Saila eta Bideoklipena.

Sail bakoitzerako askotariko sariak dituzte eta urtez urte sari gehiago banatzen dituzte, arlo ezberdinak txalotzeko asmoz; Andrea Saenz Pereirok, Kepa Errastik eta Alberto Gastesik izango dute aurtengoan ardura hori. "Soinuaren arloan espezializatua da Andrea Saenz Pereiro, eta ikus-entzunezko proiektu askotan aritu da soinu-diseinuan, grabaketan eta postprodukzioan; Kepa Errasti Aretxabaletako aktorea da, ibilbide sendoa du antzerkian eta ikus-entzunezkoetan. Zinema-zuzendaria eta gidoilaria da, berriz, Alberto Gastesi, eta kontakizunaren egitura, erritmoa eta ikuspegi artistikoa zaintzeagatik nabarmentzen da haren lanetan".

Huhezinemaren bideopodcasta

Zinemazale guztientzako ateak zabalik dituen jaialdian, film proiekzioez gain, hitzaldiak eta bestelakoak izango dira aukeran, eta horien artean dago estreinakoz egingo duten Podcast-gela ekimena. "Huhezinemako askotariko protagonistek euren lanen inguruan egingo dute berba. Ideienea espazioan publikoarekin grabatuko dugu goizetan bideopodcast bat, eta datozen asteetan Goienako plataformetan izango da ikusgai".

Izen handiko aurkezleak

Sari-banaketa ekitaldi nagusia aurkezteko aurpegi ezagunak gonbidatu izan dituzte, eta aurten Maria Blanco aktorea eta bakarrizketaria gonbidatu dute. Badira, baina, aurkezle lanetan jarduten duten beste hainbat lagun ere: MUko ikasle diren Oier Gastesi eta Ziortza Irazu Ikasle sailaren ekitaldian izango dira; MUko ikasle ohi diren Jone Markuleta eta Danel Teranek Bideoklip saileko aurkezleak eta antolatzaile taldeko Eire Maiak eta Oxel Ocaoinnealain Podcast gela-ko gidariak izango dira.

Egitaraua

MUko Aretxabaletako Campuseko Ideienea espazio berrian izango dira goizeko ekintzak eta Arkupe Kultura Etxean, arratsaldean; jaialdiko ekitaldi guztiak publiko guztiarentzako zabalik daude eta dohainik dira.

  • Urtarrilak 21, eguaztena
    • 11:00 Podcast-gela.
    • 12:00 Dolby Atmos, soinu esperientzia.
    • 16:00 Estilismoak ikus-entzunezkoetan izeneko master-class-a Myriam Lizarralderekin.
    • 17:00 Ikasle sailaren proiekzioa.
    • 19:00 Pintxo-potea.
  • Urtarrilak 22, eguena
    • 10:00 Podcast-gela.
    • 11:00 Mundukideren eskutik, hausnarketa proiekzioa.
    • 13:00 Dolby Atmos.
    • 16:00 Arriguri ekoiztetxearen eskutik bideoklipen sorkuntzari buruzko master class-a.
    • 17:00 Bideoklip sailaren proiekzioa.
    • 18:30 Unai Cantabranaren kontzertua.
  • Urtarrilak 23, egubakoitza
    • 10:00 Podcast-gela.
    • 12:00 Dolby Atmos.
    • 18:00 Sail Ofizialaren proiekzioa II.
    • 19:00 Sari banaketa.
    • 20:00 Luntxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak