Datorren asteko egubakoitzean, hilaren 23an, irekiko dituzte Aretxabaletako Txoko Feministaren ateak; alegia, Ilargi plazan dagoen TRIL txokoarenak. Hala, 2024an hasi zuten prozesua bukaerara iritsi da, eta, 18:00etan hasita, Mimiren bakarrizketak eta Zirrara taldearen kontzertuak girotuko dute irekiera ekitaldia; luntxa ere egongo da.
TRIL Txoko Feminista 16 urtetik gorako emakumeei eta queerrei zuzendutako espazio feminista eta komunitarioa da, eta, Udalak jakinarazi duenez, izen horren bitartez aitortza egin nahi izan diote "izen bera zuen herriko emakume elkarteari". Tril egiteak esan nahi du topo egitea, eta adierazi dute hori dela "txokoaren muina".
Udala eta eragileak elkarlanean
Bi urteko prozesua behar izan du TRIL txokoak, eta lau fasetan banatu dute. "Espero baino denbora gehiago" behar izan dutela dio Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchezek, besteak beste, "espazioa libre duela hilabete batzuk gelditu delako". Halere, prozesua luzatzeak balio izan die "fase bakoitza bata bestearen atzetik egin beharrean batetik bestera espazio gehiago izateko eta gauza ezberdinak lantzeko".
"Udalarekin eta parte hartu duten eragileekin batera" koordinatuko den lokala izango da TRIL. Hortaz, Berdintasun teknikaria egongo da, egunero, txokoan, baina, era berean, asmoa da "txokoko dinamizazioa eta koordinazioa teknikariarekin batera eramateko batzorde bat sortzea".
Etorkizuneko ekintzak
Txokoaren ateak zabalduta, Jabekuntza Eskolaren hirugarren aldiari ekingo diote hilaren 28an. Sei hilabeteko programazioa izango da eta hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatuko dituzte. Gainera, hainbat zerbitzu eskaintzeko asmoa ere badutela adierazi du Sanchezek: "Besteak beste, aholkularitza juridikoa, psikologikoa eta sexu-hezkuntzara bideratutako aholkularitza txertatu nahi ditugu, ikusi dugulako herrian badagoela horren beharra".
"Gogotsu gaude amestu dugun hori egia bihurtzen ikusteko"

TRIL txokoa zabaltzeko astebete falta da, eta herritarrak irekiera ekitaldira "gonbidatu" ditu Sanchezek.
Noiztik daramazue lanean?
Oker ez banabil, Mugimendu Feminista 2013tik ari da hau lantzen. Gu 2024an hasi ginen.
Hilaren 23a iristeko gogotsu zaudete?
Egia esan, bai. Uste baino luzeagoa izan da prozesu hau guztia, hein handi batean, prozesu parte hartzailea izan delako. Horrek eskatzen du eragile zein norbanako bezala etorri direnen denbora eta energia. Gorabeheratsua izan da, polita izan den arren. Gogotsu gaude hainbeste denboran amestu dugun hori egia bihurtzen ikusteko.
Zer izaera izango du txokoak?
Harremantzeko, saretzeko eta ahalduntzeko topagune bat izango da. Nahi izan dugu betiko Emakume Etxetik aldendu, ikusi dugulako herrian identitate ezberdinak daudela, eta, hain zuzen, haien guztien espazioa izatea nahi dugu. Hortaz, edozein emakume zein queer izango da ongietorria.
Zein izango da helburua?
Genero disidenteek herrian norbera den modukoa izateko aukera ematen duen espazio seguru bat eta babesleku bat izatea da proiektuaren asmo nagusia. Ekintzen bitartez pertsona horien harremantzea, saretzea eta ahalduntzea gauzatzea ere izango da txokoaren helburua.