Saroa Bikandi: "Gurasoek ustekabea hartzen dute hain ume txikia gozatzen ikusten dutenean"

Koldo Zubia Salas 2026ko urtarrilaren 16a

Saroa Bikandi, Azalerako ipuinak ipuin kontaketa saio batean. Argazkia: Saroa Bikandi

Saroa Bikandi ipuin kontalariak Azalerako ipuinak saioa egingo du urtarrilaren 22an, eguena, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzat, Aretxabaletako udal liburutegiko txiki txokoan. Ordu erdiko bi txanda antolatu dira: batetik, 0 eta 2 ute artekoentzat, 17:00etan: eta, bestetik, 2 eta 4 urte artekoentzat, 17:45ean. Bertan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, eta urtarrilaren 16a izango da horretarako azken eguna. Horren harira, ekimenaren nondik norakoak partekatzearekin batera, haurrengan izan ditzakeen onurak ere partekatu dizkio Bikandik GOIENAri.

Zer landuko da Azalerako ipuinak saioan?

Azalerako ipuinen helburua da 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eta euren gurasoak haur literaturara hurbiltzea eta baliabideak ematea. Horregatik, ez da ipuin kontaketara bakarrik mugatzen egiten duguna. Literatura ipuinez gain, ahozkotasuna, tradiziotik datozen olerkiak, ipuin laburrak, altzo jolasak edota esku jolasak lantzen ditugu, eta horri guztiorri espazioa ematen diogu.

Haur txikiekin egiten duzu lan, baina, era horretako saioekin, etorkizunean irakurle bilakatu daitezke?

Adin hauetan hori oso urrun dago. Hala ere, jolasekin hizkuntzarekiko atxikimendua sortzeko balio du. Horrek, gerora, literaturari edo irakurzaletasunari ateak zabaltzeko balio dezake. Hasierako helburua da kontakizunen gustu hori gorputzetik eta plazeretik bizi ahal izatea.

Zelan sortu zen ideia?

Bere garaian, haurrentzako formakuntzak egiten aritu nintzen, masaje eta psikomotrizitate arloan. Horren ostean, kontaketekin hasi nintzen, eta gero ama izan nintzen. Orduan ikusi nuen argi, adin horretako haurrek behar dutena; hau da, kontakizuna gorputzetik ulertzen dela. Horren ostean, pixkanaka materiala biltzen hasi nintzen.

Saroa Bikandi: "Ez dut ezer asmatu; betidanik egin diren jolas eta kantetan oinarritu naiz"

Nik ez dut ezer asmatu; betidanik egin izan diren altzo jolasak, esku jolasak, kantak... pilatu nituen eta forma eman nien. Nire semea ikusita eta inguruko haurrei erreparatuz, eta nire ogibideak ematen didan interes propio batetik sortu zen ideia. Hau iturri bat dela pentsatu nuen, eta, umeei edaten eman behar zitzaiela.

Zeuk duzun kontzientzia hori badago gurasoengan? Bat egiten dute proiektuarekin?

Badago aldez aurretiko jarrera hori, baina bertatik bertara sorpresa hartzen dute. Askotan, guraso izan berriak datoz, eta eurek ere ikasi nahi izaten dute, eta gauza askotan jartzen dute interesa. Horregatik, asko gustatzen zait gurasoek bertan daudela hartzen duten ustekabea, hain ume txiki batek nola disfrutatu dezakeen ikusten baitute; nola egon daitekeen umea adi-adi, nola interesatzen zaion, nola gustatzen zaion... Hori ikusten dutenean, gurasoen interesa ere piztu egiten da. Saio honetan gurasoak pieza klabea dira, eta, kuriositatetik datozela uste dudan arren, interes hori pizten zaie saioan zehar.

Aretxabaletan bi saio emango dituzu, adinaren arabera bananduta; badago alderik?

Ez dago diferentzia handirik; egia da saio desberdinak izanik, gauza desberdinak gertatzen direla, baina antolatze aldera hartutako erabakia da. Batzuetan, denak batzen ditugu, eta hori ere oso aberasgarria izaten da. Ume bakoitzera moldatzen gara, izaeraren arabera haren bidea egin dezan.

Bestelako proiektuetan ere bazabiltza, ezta?

Bai; irakurketa klubak ere egiten ditut 3 eta 8 urte artekoentzat. Galtzagorri Elkarterako lanean ere ari naiz, irakurzaletasuna sustatzeko lantegiaren proiektuaren barruan. Bestetik, Peru Magdalenak eta biok poesia tailerrak egiten ditugu, 8 urtetik gorakoentzako, eta Amaia Egidazurekin Poltsikorako poemak kontaketa egiten dut. Azkenik, Lanbide heziketako haur hezkuntzako goi mailako ikasleentzat haur literatura eta kontalaritza saioak ematen ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak