Urtebeteko ibilbidearen ostean, bailara osora zabaltzea du helburu Haize Berrik

Koldo Zubia Salas 2026ko urtarrilaren 12a

Haize Berri Elkarteko kideak, San Mames estadioan, iazko irteeretako batean. Argazkia: Haize Berri.

Aniztasun funtzionala duten Debagoieneko gazteek aisialdia garatzeko duten beharretik duela urtebete sortutako elkartea da Haize Berri. Fagor Herrigintza programaren eskutik 40.000 euroko dirulaguntza jaso zuten abenduan.

Urtebeteko ibilbidea osatu du jada Haize Berri egitasmoak, eta, gaur egun, bailarako 43 gazte daude programa horren baitan, aisialdiaz gozatzen. Elkartearen sustatzaileetako bat Leire Uribesalgo da, eta, hark azaldu duenez, elkartearen asmoa da bailarako edozein gaztek egin ditzakeen gauzak aniztasun funtzionala dutenek ere egin ahal izatea, izan bailaran bertan edo bailaratik kanpo: "Guretzako oso garrantzitsua da pertsona horiek esperientziak bizitzeko aukera izatea, esperientzia horien bitartez hazten joaten delako pertsona ere. Euren ideiak kontuan hartuta, esperientziak antolatu, aurrera eraman eta disfrutatzea da helburua".

Horrenbestez, ekintza asko aurrera eraman ditu Haize Berrik 2025ean. Adibidez, San Mames bisitatu dute, Galartzako dorretxean gaua igaro dute, Sendavivan izan dira eta Urkulun ere bai. Gainera, bailarako hainbat kulturgunetan ere elkartzen dira bestelako ekintzak egiteko. "Azken finean, zer egin nahi duten galdetzen diegunean, sekulako ideia zerrenda jasotzen dugu, eurentzako ametsak direnak. Gure lana ideia horiek betetzea da, ekonomikoki bideragarriak badira", dio Uribesalgok.

Fagorren beka jaso dute

Leire Uribesalgo: "Fagorreko bazkideek egindako apustuarekin oso eskertuta gaude"

Urtebeteko ibilbidean gizarte proiektu sendoa eraiki du Haize Berrik, eta hori saritu nahi izan zuen Fagor Herrigintza programak abenduan. 38 eragile aurkeztu ziren Fagorren deialdira, eta horietatik hiruk jaso zuten diru laguntza. Haize Berri elkarteak 40.000 euroko laguntza jaso zuen, hain zuzen. "Ez genuen espero, eta oso eskertuta gaude Fagorreko bazkideek guregan egindako apustuarekin", dio Uribesalgok. Dirua non eta nola erabiliko duten galdetuta, Uribesalgok esan du Haize Berrik "baliabide propioak" behar dituela, betiere "elkarte eta proektuaren egonkortasun eta bideragarritasuna bermatuko dutenak ondorengo ikasturteetan"; hala nola, telefonoak, ordenagailuak eta eskulanetarako materiala, eta horiek lotzeko "oso baliagarria" izango dela azaldu du.

Bailara osora zabaltzeko asmoa

Uribesalgok nabarmendu du "pozik" daudela proiektua izaten ari den bilakaerarekin: "Guretzat oso prozesu polita ari da izaten, ikasteko oso baliagarria. Nolabait, gizarteari erakusten ari gatzaio ahaztuta zegoen kolektibo bat hor dagoela. Alde horretatik, lan handia egiten ari da Haize Berri, eta oso pozik gaude". Hala ere, badira etorkizunera begirako erronkak. Gaur egun, Aretxabaleta eta Arrasateko gazteak dira Haize Berri elkartean nagusi. Hala ere, etorkizunean elkartea beste herri batzuetara zabaltzeko nahia adierazi du Uribesalgok: "Antzuola, Bergara eta Elgetako jendea ere badugu, eta orain, Oñatira heltzea da gure asmoa. Bertako pare bat pertsona gurekin dauden arren, uste dugu gehiago zabaldu gaitezkeela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak