'Aratusteak Aretxabaletan' argazki erakusketa Arkupen, iazko jaiak gogora ekartzeko

Koldo Zubia Salas 2026ko urtarrilaren 9a

Aratusteetako argazki erakusketan egongo den argazki bat. Argazkia: Jardin Remoto.

Jardin Remoto eskolako zuzendaria den Gustavo Bravok, argazkilaritza tailerra eman zuen iazko Aratusteetan, eta argazki horiek egongo dira ikusgai Arkupen hain zuzen. 

Bravo argazkilaria eta irakaslea da, eta Autoretza Argazkilaritzan masterra dauka. Pandemiaren ostean, Jardin Remoto online eskola sortu zuen, eta proiektu horren baitan antolatu zen Aretxabaletako tailerra. Hain zuzen, bertan parte hartu zuten ikasleen ehun argazki inguru ikusgai izango dira urtarrilaren 14tik otsailaren 27ra, Arkupe kultur etxean. Erakusketa astelehenetik egubakoitzera egongo da ikusgai, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Zapatuetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara bisitatu ahalko da.

Lorena Lopez de Lacalle, Cristina Fernandez, Tanya Fernandez, Toni Martin, Lucia Carbajo, Maryge Rosado, Ana Sanpedro eta Gustavo Bravo dira argazki horien egileak, eta guztiak 2025eko Aratusteetako domekan ateratakoak dira. Besteak beste, Txino Dantza, Aratusteetako desfilea eta egunean zehar kalean izan zen giroa jasotzen dituzte.

Erakusketa "parte hartzailea"

Aretxabaletako Udalak iazko Aratusteen parte izan ziren guztiak gonbidatu nahi izan ditu "euren burua argazkietan aurki dezaten". Izan ere, erakusketa amaitutakoan, argazkietan ageri diren protagonista horiek argazkiaren kopia bat eskuratu ahalko dute, doan, eta etxera eraman ahalko dute.

Bestetik, iaz egin zen tailer bera errepikatuko dela ere adierazi dute Jardin Remotokoek. Argazkilaritza ikasleak Aretxabaletako kaleetan barrena ariko dira otsailaren 15ean, eta, aurreko edizioan bezala, Bravok emango du argazkilaritza tailerra. Halaber, bertan ateratako argazkiak 2027ko Aratusteetako erakusketan izango dira ikusgai. Horrekin, ekimenaren asmoa "jaien dokumentazio jarraitua" egitea da.

Argazki topaketa maiatzean

Erakusketaarekin, Udalak autoretza argazkilaritza sustatu gura du, eta, era berean, Aretxabaletan bertan maiatzaren 9an izango den Euskal Herriko III. Argakia Puntu Eus topaketaren baitan kokatzen da. Datorren asteetan zabalduko da izen emate epea, eta zazpi lurraldeetan egindako edozein proiektu aurkeztu ahalko da bertara. Lurralde bakoitzeko proiektu bat aukeratuko da, eta, horiekin batera, Aretxabaletako proiektu onena ere Arkupe kultur etxean izango da ikusgai maiatzean. Inaugurazio egunean izango da sari banaketa eta argazkilari irabazle guztiek euren proiektuak aurkeztuko dituzte bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak