Lainoa, hotza eta gune batzuetan izotza izan dira protagonista, goizean, Kurtzebarri mendian baina horrek ez ditu kikildu herritarrak. Hala, 200en bat lagun igo dira tontorreraino, urteko azken egunean presoen aldeko aldarrikapenak zabaltzeko bertatik, Ezin da gehiago luzatu goiburuarekin.
Haraino joaterik izan ez dutenak iluntzean batu ahal izango dira ekimenera, Mitarte kalean egingo baitute elkarretaratzea, 19:00etan.
Bilboko manifestaziorako gonbidapena
Era berean, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestaziora joateko gonbidapena zabaldu dute. "Espetxe politika arrunta" eskatuko dute presoentzat orduan, eta iheslarien eta deportatuen itzulera ere bai. "Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua" egin gura dute Casillatik abiatuta, 17:00etan.
Aretxabaletatik autobusa antolatu dute eta izena emateko zerrenda Urbaltz tabernan daukate; autobusa 15:00etan abiatuko da, Azbeko autobus geltokitik.