Egubakoitzean hasi eta domeka arte, 2015, 2016 eta 2017 urteetan jaiotako haurrek XVI. Bixente Etxeandia Torneoa jokatu zuten. Debagoieneko presentzia nabarmena izan zen Bergara, Mondra, Aloña, UDA eta Antzuolako taldeekin, baina eskualdetik kanpoko hainbat futbol eskolak ere hartu zuten parte. Hiru jardunalditan banatuta jokatu zuten: egubakoitzean LH3ko 17 taldek, zapatua goizez LH4ko 21 taldek eta domeka arratsaldean LH5eko 24 taldek. Taldeak lau multzotan banatuta aritu ziren, eta multzo bakoitzeko onenek finaletarako txartela eskuratu zuten.
Antolatzaileek azpimarratu zutenez, torneoaren helburu nagusia ez da garaipena. Azaldu zutenez lehiaketan heztea da gakoa: irabazi eta galtzearen arteko dikotomia lausotzea, eta baita frustrazioa eta urduritasuna kudeatzen ikastea. Talde-lana, guztion parte-hartzea eta kiroltasuna lehenetsi ziren, irabazi aurretik aurkariari eskua ematea bezalako keinuak balioan jarriz. Txapelketa mistoa zen, eta bereizketarik gabe jokatu zuten, klubek hala antolatuta dituzten taldeak bazeuden arren.
Iker Arriolabengoa Amando futbol eskolako koordinatzaileak nabarmendu zuen egiten duten lanaren oinarria formakuntzan, heziketan, kirol diziplinan eta teknifikazioan dagoela, betiere euskararen erabilera eta haurren konpromisoa ardatz hartuta. Helburua argia du torneoak: talde heterogeneoetan, guztiek jolasteko aukera izatea. Talde denek, gutxienez lau partida jokatu zituzten, balio guzti horien erakusle.
Finalen eguna giro ederrean
Torneoaren azken egunerako eguzkia atera zen Ibarrako zelaian eta jendez josi ziren, zelaia zein harmailak. Jaiotza urteen arabera, honako taldeak sailakatu ziren egun honetan jokatzeko:
- LH 3eko: Betoño, UDA, Mondra eta Lazkao
- LH4eko: Betoño, UDA eta Beasaineko bi talde.
- LH5eko: Aurrera Vitoria, Danena, Beasain eta Aloña.
Kiroltasunez beteriko jardunaldia izan zen, asteburu osoari amaiera borobila emateko goiza. Arriolabengoa "oso pozik" agertu zen eta horrenbeste talde eramatea "apostu handia" izan bazen ere, guztia ondo atera zela adierazi zuen.
ESKUA proiektua
Torneoaren baitan ESKUA proiektuak ere izan zuen bere garrantzia: Errespetua Sustatu Kirola Uztartuz Aretxabaletan. Ekimen honek baloreak, adimen emozionala eta abilezia sozialak erdigunean jartzen ditu, jokalari onenetik harago, jokalari osoa sarituz. Alderdi fisikoak ez ezik, emozionalak eta jarrera ere balioan hartzen ditu. Aurtengo aitortzak honako hauek jaso zituzten: Xabat Cruz, Udako Jokalariak, Beñat Garaialde, Beasaineko jokalariak eta Ibai Iztueta, Danenako entrenatzaileak.