Palestinaren aldeko aldarriz bete dute Aretxabaleta gaurko manifestazioan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 26a

Euriak ez ditu Palestinaren aldeko aldarriak eten, Atxabalta Palestinarekin herri ekimenak egindako deialdian; Portasoleko autobus geltoki parean hasita, aldarrikapenez eta aterkiz jantzi dituzte Aretxabaletako kaleak. 

Genozidioia Stop! lelopean, Atxabalta Palestinarekin herri ekimenak deituta manifestazioa jendetsua egin dute Aretxabaletan. "Palestina askatu "eta "Ibaitik itsasora, Palestina izango da" moduko leloak ohiukatu dituzte, aterki ilara luzeek. 

Herriko plazan amaitu da manifestazioaren ibilbidea, eta hasteko Wafa kantua, abestu dute, soinuarekin eta gitarrarekin lagunduta. Amaieran irakurritako testuan, su etena sinatu zenetik Palestinako auzia bigarren planoan gelditu dela azaldu dute, Israelek modu sistematikoan Palestina erasotzen jarraitu duen bitartean. Gertutakoaren lekuko, datu ugari eskaini dituzte: “Su etenetik, 400dik gora Palestinar erail ditu Israelek. Denboraleen ondorioz, jada 14 pertsona hil dira, tartean 3 haur. Adosturik dagoen giza laguntzari dagokionean, 600 kamioietatik, 200 soilik sartzen dira". 

Argi utzi dute, Palestinako genozidioak lurraldeko mugetatik harago, mundu osoan eragina duela, baita Euskal Herrian ere. Euskal Herrira bizitza duinak eraikitzera etorri direnei, gertutik begiratzea guztion ardura dela adierazi dute. Horren harira, herritar orori, baina bereziki agintari politiko eta instituzionalei eskatu diete galdera hauek planteatzeko: "Non daude? Zein egoeratan bizi dira?" Zein laguntza eta babes ari dira jasotzen? Zer behar dute?". 

Amaitzeko, fokua "elkartasun aktiboan jartzea" aldarrikatu dute. Ildo horretatik, Palestinarekiko elkartasun zapia eskuratu eta ahalik eta elkartasun ekonomiko handiena bidaltzeko dei egin dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak