Oinezkoak zebrabideetatik igarotzean aktibatzen dira lurrean integratutako argiak, baita seinaleztapen bertikaleko kartel argidunak piztu ere. Hala, gaueko ordutegian egongo dira martxan.
Herrirako bi sarreratan kokatu dituzte horiek "bi guneak bereziki sentikorrak" direlako: "Abiadura murriztea eta ikusgarritasuna handitzea funtsezkoak dira istripuak prebenitzeko", adierazi dute Udaletik.
Espazio publikoaren kudeaketan "oinezkoen segurtasuna lehentasunezko gaia" dela gaineratu dute: "Zebrabide argiztatu hauek segurtasun aktiboko elementuak dira, gidarien portaeran zuzenean eragiten dutenak eta oinezkoen presentzia modu argi eta eraginkorrean bistaratzen dutenak".
Segurtasun eta mugikortasun politika
Udal Gobernuak adierazi du ekimena kokatzen dela garatzen ari den segurtasun eta mugikortasun politikaren barruan: "Ildo horretatik, laster onartuko den Mugikortasun Planak neurri osagarriak jasoko ditu; hala nola, trafikoa lasaitzeko jarduketak, oinezkoen lehentasuna indartzea eta espazio publiko seguruagoak eta irisgarriagoak sustatzea".
Gaineratu dute jarduera horiek ez direla isolatuak, herritarren "segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko konpromiso irmo baten parte" baizik: "Helburua argia da: Aretxabaleta seguruagoa, pertsonen mugikortasuna erdigunean jartzen duen herria izatea".
