Adriene Bergson-Johnsondu izena saioak; baina zein da hura?
Pertsonaia bat da, Texasko enpresari bat, eta handienekin egin du lan; Obamarekin eta New Yorkeko alkate berriarekin, esaterako. Egun batean ohartzen da badituela erro euskaldunak, eta erabakitzen du salbatu behar duela euskal kultura. Euskal Herrian deus galdegin gabe eskola magistral batzuk antolatzea bururatzen zaio, Euskal Herria eta euskal kultura salbatzeko. Emakume zuri, aberats eta ongi hezia da, eta, beraz, aplikatu nahi dizkio betiko formulak, hau da, formula kapitalistak, euskal kulturari.
Zein erantzun sortu gura duzue ikuslearengan?
Guk imajinatzen dugu saioa ispilu bat bezala; nolabait, erakusten digu zenbat irentsi ditugun neokapitalismoaren arauak eta zein erraz ulertzen dugun zer den sistema eta zer den marrazten duen bidea. Nolabait, ematen du pentsatzeko: "Uste dut abertzalea naizela, uste dut militantea naizela, eta nola sentitzen naiz horrela deskribatzen didatenean nire kultura? Nola kokatzen naiz?".
Bakarrizketa Martin Antxia bikotekidearekin batera sortu duzu.
Bai, hala da. Guretzat oso inportantea zen Hegoaldeko eta Iparraldeko ikuspegiak nahastea. Eta erabaki dugu bakarrik ikusgarri bat sortzea. Hastapenean dugu umorezko bakarrizketa bat –orain arte ez dut zehaztu, baina ideia da atsegingarria izatea eta ondo pasatzea–, eta ohartu ginen ez genituela erreferentzia berak irri egiteko. Gure helburua, eta, nolabait, baldintza nagusia, izan da aurkitzea bideak gauza berekin irri egiteko Euskal Herriko edozein lekutan. Batzuetan egokitzen ditugu adibide batzuk; adibidez, badugu Pradales eta Otxandianori buruzko parte bat, eta Iparraldean izen horiek ez dira ezagunak; beraz, beste batzuk sartu behar ditugu ulertuak izateko. Baina hori da, zinez, parte ñimiño bat; bestela, ideia da erratea nazio bat garela eta denon artean hori ikasi ahal dugula eta irri egiten dugula amankomunean dugun zerbaitekin.
Martin Antxia ezagutzen dugu; zein da Maryse Urruty?
Antzerkian ari da, batzuetan taula gainean eta beste batzuetan taulatik kanpo, zuzendari gisa eta irakaslea ere banaiz. Lizeo garaian hasi nintzen, Antton Lukurekin, Donibane Garazin, eta hamabost bat urte izango dira antzerkian ari naizela. Nik maite dudana da istorioak sortzea eta antzeztea pertsonaia horiek; niretzat taulan izatea da bizitzan sentitzen den plazer handiena, eta sortzen dizun adrenalinak ez du parekorik.
Lana hainbat tokitan aurkeztu duzue; zelako harrera izan du?
Oso ona. Askotan, jendeak erraten digu ze beharrezkoa den euskaraz irri egitea eta umore politikoa egitea euskaraz. Egia da politikari buruz ez dela hainbeste saio egiten, eta gure ikusleek hori azpimarratzen dute; nolabait, emazte batek hitz egitea politikari buruz aski originala dela.
Aretxabaletarrei zer esango zenieke saioa ikustera joan daitezen?
Gure plusa da Martin aretxabaletarra izanik izanen dituela mila txiste oso berezi egiteko; hortaz, identifikatuak sentituko dira saio berezi horretan.