Bolada txarrari bukaera eman dio UDAk Pasaiari 1-0 irabazita

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 14a

Ander Pachecoren gol batek erabaki du partidua. Urritik etxean irabazi gabe, Unai Calzonek onartu du garaipenak "arnasa" eman diola etxeko taldeari.

Ligako azkenengo hiru partiduak galduta iritsi da UDA Pasaiaren aurkako partidua. Partidu gogorra izatea espero zuten etxekoek, eta aurreikuspen guztiak bete ditu neurketak. Baloiaren jabetza izan dute etxekoek lehenengo zatiko minutu gehienetan, eta Pasaiakoek, berriz, aretxabaletarren defentsaren bizkarrera erasotzea erabaki dute. Baloiaren jabetza bai, baina atea zulatu ezinka ibili dira Unai Calzonerenak; garbiena Lucas Gomesek izan du, baina ez da ondo iritsi Eneko Garciaren erdiraketa errematatzera. Atsedenaldira huts eta hutsekoarekin erretiratu dira bi taldeak.
Bigarren zatiko lehenengo minutuetan estutu egin dute Pasaiakoek, baina erantzuten jakin du UDAk, eta 53. minutuan izan du lehenengo gol aukera garbia: Aimar Madinak kanpokoen arean baloia lapurtu, atezainari izkin egin eta jaurtiketa zutoinera joan da. Hortik gutxira iritsi da aurreneko gola; Josu Aizpuruak bigarren zutoinera atera du kornerra eta Ander Pachecoren errematea sareetara joan da. Indarrak parean izan dituzte bi taldeek hurrengo minutu guztietan, eta, luzapenean, berdinketaren gola eragotzi du Urko Muguerzak eta, hala, hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu UDAk.

Gainontzeko partiduak

Ohorezko Erregional Mailan, emakumezkoetan, garaipena lortu dute bailarako bi ordezkariek: Debagoiena Bailarak 0-4 irabazi du Ostadarren aurka eta Bergarak 1-6 Aiztondo taldearen aurka. Gizonezkoetan, Mondrak 3-0 hartu du mendean Urola eta Bergarak 2-1 galdu du Anaitasunaren zelaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak