Araba Ibilbidean aparkalekuak jartzea gaitzetsi du EAJk

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 12a

Hainbat auto aparkatuta Araba Ibilbidean. (Argazkia: Aretxabaletako EAJ Udal Taldea)

Aretxabaletako EAJren Udal Taldeak salatu du errepideko espazio horretan aparkalekua jartzea "herritarren bizi-kalitatearen eta oinezkoen mugikortasunaren kalterako" dela, eta beharrezkotzat jo du "segurtasuna hobetzeko" beste aukera batzuk aztertzea.

Araba Ibilbideak "zabalera eta ikusgarritasuna galdu" dituela aparkaleku lerroak jartzerakoan uste du Aretxabaletako EAJk. Hala adierazi du prentsa-ohar bidez: "Orain arte kale zabal eta garbia izan den tokia kotxez beteta ageri da, eta oinezkoak enkajonatuago doaz, ikus-eremua nabarmen murriztuta". Oinezkoena ezezik txirrindularien egoera ere okertu egin dela diote: "Aparkatzeko mugimenduek ezusteko arriskuak sortzen dituzte, eta txirrindulariek bide hau erabiltzeko baldintzak okerrera egin dute".

Jeltzaleek uste dute "konponbide integralago bat" eskatzen duela errepide horrek, oinezkoak, bidegorria eta zirkulazioa modu bateratuan antolatuko dituena: "Kostu txikiko neurri batek Araba Ibilbidea desitxuratu du".

Konponbide hori iritsi bitartean, uste dute oinezkoen "segurtasuna hobetzeko eraginkorrena" dela zebra-bideetan esku hartzea: behar bezala margotzea, haien ikusgarritasuna indartzea eta argiztapena hobetzea. "Agintaldi hasieratik esan dugu segurtasuna irabazi nahi bada oinarrizko puntuak hobetu behar direla lehenengo".

Aretxabaletako EAJren iritziz, edozein esku-hartzeak "herritarren segurtasuna eta kalitate urbanistikoa" jarri behar ditu erdigunean: "Gure helburua ez da kritikak egitea soilik, baizik eta Araba Ibilbidea benetan hobetuko duen irtenbide bat lortzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak